Albisteak

 

Bakioko Udalak kontratua ezeztatu du Hiri Antolamendurako Plan Orokorra prestatzen jardun duen enpresarekin, eta plan hori prestatzeko fase berria zabalduko du. Fase berriaren xedea izango da Bakioko egoera ekonomiko, sozial eta urbanistikoari buruzko diagnostiko sakonagoa egitea, Bakioren premiei erantzungo dien egitasmoa presta dadin, betiere herritarren partaidetzan eta udalerriaren inplikazioan oinarritu hartuz.

Kontratua suntsiarazteko arrazoi nagusia Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak egindako “erreferentziazko agiria” izan da. Dokumentu horren arabera, hirigintza plangintzari buruzko aurrerapen agiriak konpondu beharreko funtsezko gabeziak ditu.

Identifikatutako gabezietariko batzuk

  • Aurrerapen agirian alternatibak aztertu ez izana. Aurrerapen agiriaren xedea da hiri antolamendurako alternatibak aztertzea, Bakioko herritarren artean eztabaida daitezen. Agiria prestatzeaz arduratu den taldeak bi alternatiba aurkeztu zituen, baina horietariko batek ez zuen legezkotasuna betetzen eta ezin exekuta zitekeen.
  • Ez da jarduketen gaineko ingurumen balioespenik egin, ingurumen ukipen garrantzitsuak dituzten eremuetan.
  • Aurrerapen agiriak ez du etxebizitza hutsari buruzko azterlanik egiten, horren ondoren eraiki beharreko etxebizitzen premia balioetsi ahal izateko.
  • Ez da balioespenik egin uholde arriskuaren inpaktuari buruz. Ezinbestekoa da uholde arriskuari buruzko arautegia egokitzea.
  • Beharrezkoa da gaur egungo eredu urbanistikoa egokitzea eta lurzoruaren kontsumo arduratsuko eredu baten alde egitea.

Hori guztia aintzat hartuz, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra prestatzen jarraitzeko, udalak lan osagarriak egin behar ditu eta, hala, azaldutako gabeziak konpondu, oraingo enpresak ere onartzen dituen gabeziak, alegia. Baina hutsuneei konponbidea eman ezean, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak exijitzen duenari egokitzen ez zaion Hiri Antolamendurako Plan Orokorra diseinatuko litzateke.

Hurrengo hilabeteetan prozedura negoziatu bat deituko da, honakoa eskatzeko:

  • Diagnostikoari buruzko agirian azterlan sozioekonomiko bat jasotzea Bakioko errealitate sozial eta urbanistikoaren funtsezko alderdiei buruz, hala nola etxebizitzaren arazoari buruzko azterlana, hutsik dauden etxebizitzak zenbatzeko garrantzia azpimarratuz. Azterlan horiek balio izango dute behar bezala justifikatutako bizileku kuantifikazioaren eskaintza aurkezteko.
  • Aurrerapen agirian hirigintza plangintza eta alternatiben diseinua jasotzea, betiere Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak aurkeztutako erreferentziazko agiriak ezarritakoaren arabera egokitu ondoren.
  • Aldez aurretik aurkeztutako alternatibak aztertuko dituen Ingurumen Iraunkortasunari buruzko Txostena (IIT), ingurumenaren aldetiko bateraezintasunak desagerrarazteko eta ingurumen arriskuak aztertzeko.
  • Herritarrek parte hartzeko prozesua berriro ere egitea, Bakioko herritarrekin batera azterketa sozioekonomiko hori eta eredu urbanistikoaren ereduaren aldaketa lantzeko.

Jakinarazpen honen bidez, udalak hartutako erabakiaren berri eman nahi da eta hirigintza kudeatzeko eredua aldatzeko konpromisoa jakinarazi, gardentasunaren eta partaidetzaren alde eginez.

Zein da kontratua ezeztatzeko kostua? Nola geratzen da aurrekontu partida?

Kontratua elkarren adostasunez ezeztatu da. Gauzak horrela, lehentasuna ematen zaio Hiri Antolamendurako Plan Orokorra prestatzeko zereginari, eta prozesu judizial batera iristea saihestu da, horrek plan horretan aurrera egitea oztopa bailezake.

Halaber, azpimarratu beharra dago, Bizkaiko Foru Aldundiak aurrerapen agirian funtsezko gabeziak identifikatu arren, aurreko gobernu taldeak talde prestatzailearen lana baliozkotzat jo zuela; hori dela eta, udalak horren erantzukizunak hartu behar ditu bere gain.

Kontratua ezeztatzeagatiko kostua 6.969 eurokoa da.

Prozesu berria zabaltzeko eta prozedura negoziatuari ekiteko, 62.727 euro daude.