Albisteak

Irudi honek dokumentu bat irekiko du leiho berri batean 

Azaroaren 19an 100 bat bakiotar bildu ziren, 2030. urteari begira udalerriaren gaineko ikuspegi estrategikoa zehazteko partaidetza prozesuari amaiera eman nahian. Mandatu hori guztion artean eratzen hasi ginen urriaren 14ko bilgune orokorrean, eta ikuspegia talde teknikoak egiten diharduen Bakioko Posizionamendu Estrategikoaren Oinarriei buruzko agirian gauzatuko da eta lehenengoz aplikatuko da udalerriko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerakinean.

Goizeko 10ak pasata, Juan Requejo Liberalek, HAPOren aurrerakina prestatzeko koordinatzaileak, bileran azaldu zuen zeintzuk izan diren orain arte emandako aurrerapauso orokorrak eta, bidenabar, zeintzuk arlokako lan taldeen emaitzak. Jarraian, honako agiri honen berri eman zuen: “EUSKAL ADIERAZPENA. Bide Berriak Europako Hiri eta Herrientzat hiri produktibo, jasangarri eta erresilienteak sortuz, bizitzeko egokia den Europa inklusibo batentzat”. Izan ere, adierazpen horri bultzada eman diote Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta EAEko hiri nagusiek. Horren ondoren, planaren 10 printzipioak azaldu zituen, talde egileak aldez aurretik Bakioko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialari aurkeztutakoak; izan ere, Bakioren egoera zehatza aztertu ondoren, pentsatu zen planaren proposamen guztiek aintzat hartu beharko zituztela agirian jasotako puntuak. Kontseiluak bidezkotzat jo eta bere egin zituen. Horren ondoren, bozkatu zen ea Bakioko herritarrak bat zetozen proposatutakoarekin eta ea bere egiten zituzten; ondorioz, printzipioak onartutzat eman ziren. Azkenik, HAPOren talde teknikoak proposatutako planaren irizpide instrumentalak aurkeztu ziren, 2016ko martxoan onartutako Mungiako Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren arauetan eta diagnostikoan oinarritutakoak (agiri horiek guztiak azaroaren 15eko sarreran daude eskuragarri).

Aurreko guztiaren berri eman eta gero, talde teknikoak prestatutako alternatibak aurkeztu ziren; horietariko hiru herritarrek parte hartzeko prozesuan identifikatu ziren (A 1, A2 eta A 4), eta laugarrena (A3), talde teknikoak aukerarik egokientzat hartutakoa zen, diagnostikoaren prozesuan egindako azterketa teknikoekin bat etorriz.

Alternatibak honakoak izan ziren (arestian aipatutako sarrera berean jasotzen dira):

  • A 1. Udaldiaren potentzial osoa garatzea: Bakio erakargarria gozatzeko
  • A 2. Biztanle berriak erakartzea: Bakio erakargarria biztanle berrientzat
  • A 3. Bakio lurraldean integratzea: Bakio presarik gabe
  • A 4. Hiri hazkunderik ez: Bakio barrura begira

Kafea hartzeko atsedenaldia egin zen, eta bertaratutakoak lau taldetan banatu ziren, inskripzio hurrenkeraren arabera. Talde bakoitzean 4 alternatibak aztertu ziren, aldez aurretik onartutako printzipioei jarraikiz, eta erantsitako agirian jasotzen da talde bakoitzean sortutako eztabaidaren laburpena.

Eztabaidaren ostean, partaide guztiak berriro elkartu eta talde bakoitzaren laburpen taulak eskegi ziren. Emaitzen interpretaziotik honako ondorioa atera zen: 3. alternatiba erreferentziatzat hartzea (Bakio presarik gabe), baina 3.arekin bateratzeko moduko 4. alternatibako osagaiak txertatuz. Gauzak horrela, batzak erantzun integratzailea eman zion 4. alternatibak izandako onarpen partzialari.