Albisteak

 

Eguenean udalbatzari aurkeztuko zaio 2017rako udal aurrekontuaren proposamena. Eta orain dela bi aste iragarri legez, aurkezpen hori dela eta, Udalak erabaki zuen prozesu parte-hartzaile bat aurrera eramatea inbertsioen partidan. Helburua zen zenbait proiektu kontsultatzea, herritarrek eurek lehenets zezaten zeintzuk izango ziren 2017ko ekitaldian aurrera eramango ziren obrak.

Horretarako, botoa emateko kutxak jarri ziren Udaletxean, Kultur Etxean, Turismo Bulegoan eta Kiroldegian ea 10 eguneko epea ezarri zen, bozkatu ahal izateko, martxoaren 17tik 27ra bitartean, hain zuzen. Kontsulta epea amaituta, 94 izan dira prozesu honetan parte hartu duten pertsonak: 27 kiroldegian (2 boto baliogabe), 7 Turismo Bulegoan (3 baliogabe), 30 Kultur Etxean (baliogabe 1) eta beste horrenbeste Udaletxean.

Parte-hartzaileek emandako puntuak honakoak izan dira:

  1. Haurreskolako artepea (478 puntu)
  2. Ibarratorre kalea egokitzeko lanak, Eskolabide proiektua, Torretik biribilguneraino, (468 puntu).
  3. Probalekuko bainugelak eta aldagelak (359 puntu).
  4. Autokarabanen parkinga (299 puntu).
  5. Itsas pasealekuaren azpiko lokala konpontzeko lanak (297 puntu) .
  6. Informazio panelak (277 puntu).
  7. Kanpoaldean gimnasia egiteko makinak (255 puntu).

Gauzak horrela, herritarrek ezarritako lehentasunak eta aurrekontua kontuan hartuz, 2017an honako inbertsioak aurrera eramatea aurreikusten da: haurreskolako artepea, Ibarratorre kalea egokitzeko obrak (Eskolabidea proiektua), probalekuko bainugelak nahiz aldagelak eta autokarabanen parkinga.

Lehenengo aldia da mota honetako kontsulta ariketa bat aurrera eraman dela, eta partaidetza oso modu positiboan baloratu beharra dago. Norbaitek bozketaren emaitzak egiaztatu nahi izanez gero, bozkak ikusgai izango dira udaletxean.

Era berean, udala proiektu guztiak gauzatzeko diru-laguntzak lortzen ahaleginduko da. Finantzaziorik lortuz gero, herritarrek parte hartzeko prozesuaren emaitzak hartuko dira kontuan, proiektuak gauzatzerakoan.