Albisteak

Dokumentu hau leiho berri batean irekiko da 

Bakioko Udalak hirigintza plangintza orokorraren aurrerapen agiria jarriko du jendaurrean bi hilabetean.

Jendaurreko epe hori apirilaren 4tik ekainaren 6ra bitartekoa izango da. Posizionamendu estrategikoren oinarriak eta aurrerapen agiria prestatzeko prozedura parte-hartzailean hartutako konpromisoei jarraituz, Udalak partaidetzaren bigarren fasea abiarazi nahi du agiri horren jendaurreko epean. Honako hiru helburu nagusiak dituen kronograma bat prestatu da:

  1. Hiri tramatik urrun dauden auzoetako bizilagunen partaidetza aktibatzea.
  2. Harremanetarako espazio publikoak zehazteko dinamika parte-hartzaile bat antolatzea, interesdun guztiei zabalik.
  3. Zenbait gairi buruzko gogoeta kolektiboa aktibatzea, gaien araberako hitzaldi ziklo bat abiaraziz arlo bakoitzeko adituekin. Bigarren fase honetan urari eta turismoari buruz hausnartzea proposatzen da.

Jarraian, Udalak bigarren fase honi ekiteko diseinatutako kronogramaren berri ematen da.

  • Apirilaren 4an: aurrerapen agiriaren aurkezpen ofiziala, bai eta epe honetan planteatutako jardueren kronogramarena ere.
  • Apirilaren 27an: bizilagunen bilera San Pelaioko elizan, Bentalde eta San Pelaioko auzokideekin.
  • Maiatzaren 10ean: bizilagunen bilera San Martineko ermitan, Goitisolalde, Artzalde eta Zubiaurrealdeko auzokideekin.
  • Maiatzaren 18an: bizilagunen bilera Parrokian, Basigoko eta Urkitzaurrealdeko auzokideekin.
  • Maiatzaren 11n: gaikako zikloa: URA. Albert Cuchi eta Joserra Diaz.
  • Maiatzaren 19an: gaikako zikloa: TURISMOA. Juan Requejo eta Eusebio Leránoz.
  • Maiatzaren 29tik ekainaren 2ra bitartean dinamika parte-hartzailea izango da, harremanetarako eremu publikoaren gainean eztabaidatzeko.
  • Topaketak ere antolatuko dira hirigintzak ukitutako pertsonekin.

Bakioko Udalak fase hau definitu du etorkizuna marraztuz eta erabakiak behetik gora hartuz joateko ezinbesteko urrats gisa, betiere 2025eko Bakioren garapena helburu.

Datorren martitzenean, apirilaren 4an, lehenengo topaketarako deia egin da, gure etorkizunari buruz eztabaidatzen eta gogoeta egiten jarraitzeko. Hirigintza plangintzaren aurrerapen agiria aurkeztu eta hurrengo hilabeteetako kronograma eta plana jendaurrean azalduko dira.

Interesaturik dauden pertsona guztiak animatu nahi ditugu, udalbatzaren aretoan izango den aurkezpen honetara bertara daitezen 18.00etan.