Albisteak

 

Bakioko Udalak uztaileko ohiko bilkuraren gai zerrendan zenbait eskaera jaso ditu Itsasertz Mugarte Sailari egiteko; helburua bikoitza da: batetik, udalerriko itsasertza babestea, eta, bestetik, labarren goialdean pertsonen igarobidea hobetzea. Behin eztabaidatua izan eta gero, proposamena gehiengoz onartu da.

Zehatzago, proposamena honako hauxe da:

1. Babes zortasuna handitzea lurzoru urbanizaezinean:

Bakioko itsasertzean labar garrantzitsuak daude eta, era berean, kostaldeak ingurumen balio apartak ditu, haren berebiziko balioa egiaztatzen duten ingurumen babesek erakusten duten bezala. Hori dela eta, zortasuna 100 metrotik 200 metrora handitzeko asmoa dago lurzoru urbanizaezinean, eta halaxe saihestu nahi da batik bat Atxulo eta Oiaga inguruko natur balioen hondamena.

Gaur egun, inguru hori urbanizagarria da, baina Hirigintza Plan berriak, herritarren aldarrikapenari erantzuna emanez, landa eremu bihurtuko du.

2. Bide zorra eta itsasorako irisgarritasuna:

Gobernu Taldearentzat garrantzi handikoa da Askada inguruko itsasertzeko labarretatik zehar igarotzen den pasealeku bat berreskuratzea, Askadako Bideko 1.tik San Pelaioko Bideko 63.era bitartean. Igarobide hori berreskuratzeak berekin ekarriko luke bakiotarrek gozatu ahal izatea Bakiok duen natur baliabide garrantzitsuenetariko batekin. Horregatik, Itsasertz Mugarte Sailari eskatuko dio bide zor hori modu grafikoan definitzeko, proiektu bat prestatzeko eta bide zorraren egokitzapenari begirako obra egiteko.