Albisteak

 

Ikusi ahal izan duzuen bezala, Bakioko Udalak garbiketa lanak egiten dihardu Solozarre inguruan, Estepona ibaiaren eremu mugakidean, egin-eginean ere Albobide kaleko babes ofizialeko etxebizitzen ondoan. Eremu hori nahiko degradatu da azken urteotako kudeaketa urbanistiko kaxkarraren ondorioz, gizarte eta ingurumenaren aldetik zeukan balioa galduz. Bakioko Udalak lursail horietan egin beharreko jarduketak zehaztu ahal izateko, txosten teknikoa agindu zien udal arkitektoei; txosten horrek egiaztatu zuen eremuak osasungarritasun eta apainketa desegokia zuela eta bertan eraikuntza material eta hondakinak pilaturik zeudela, urteetan hondakindegi gisa erabili baita. Gainera, ia esparru osoa flora inbaditzaileak hartua zuen eta arriskugarritasun handia zekarren, garaiera handiko akazia aleek (mimosak) lur jausiak eragiteko arriskua baitzegoen.

Bakioko Udalak Euskal Ur Agentziarekin (URA) koordinaturik jardun du, ibaiaren ondoko eremu honetako lanaren planifikazioan nahiz Bakioko Estepona ibaiaren egoera hidraulikoaren baldintzen hobekuntzan. URArekin izandako bilera teknikoetan arin jarduteko premia azaldu da, eremuko osasungarritasun, apainketa eta segurtasun baldintzak berreskuratzearren.

Azpimarratu nahi dugu eremu osoan egindako lana modu mekanikoan egin dela, kimikorik eta herbizidarik erabili gabe eta zuhaixka eta zuhaitz autoktonoak markatu direla, babesteko eta ez mehazteko.

Lan horiek kostu handia eragin diote Bakioko Udalari eta egindako gastuaren ondorioz lorezaintzako kontratuaren luzapena atzeratu da 2018an.

  • Sasitza kentzea, zorua berdintzea eta eremua ereitea: 16.093 €

Eremuko obra hondakin batzuk kendu diren arren, enpresa espezializatu batek mugatu ditu zeintzuk diren enpresa bereziek kendu beharreko hondakinak dituzten eremuak. Hondakin horiek obrakoak dira, eta urbanizazio horretan eta udalerriko beste gune batzuetan izandako kudeaketa txarraren ondorioz bertan metatuz joan dira, hondakindegi bat balitz bezala. Aurreko urteetako jarduketa horrek nabarmen garestitu du Solozarre oso-osorik berreskuratzeko zeregina, egiteko dauden lanen kostua gutxi gorabehera 130.000 euro ingurukoa da eta.

Lanen bigarren zati hori hurrengo urteetan egin beharko da. Bien bitartean, Bakioko Udalak bere gain hartuko du berreskuratutako berdegune horren mantentzea, herritarrek gozatzeko aukera izan dezaten.

Gutxi barru guztion artean erabaki beharko dugu zeintzuk izango diren eremuaren etorkizuna eta erabilera.