Albisteak

 

Korporazioko gainerako zinegotziekin informazio batzordeetan eztabaidatu eta gero, Bakioko Udalak alkatetza dekretu bidez erabaki du eraikin publikoetarako energia elektrikoaren hornidura esleitzeko agiri tekniko eta administratiboak onartzea. Agiriok hiru ardatz nagusi dituzte:

1. Energia berriztagarria %100ean, Udalaren premiak estaltzeko:

Kontratuaren helburua erakundeek erakutsi beharreko erantzukizunaren barruan sartzen da, betiere pertsonen segurtasun eta osasunari begira mehatxagarriak izan daitezkeen produktuen edota zerbitzuen funts publikoen gastuari dagokionez; era berean, xedea ere bada, Europar Batasunak bultzatutakoaren ildotik, ingurumen iraunkortasunaren politika eta energia berriztagarrien kontsumoa sustatzea.

Ondorioz, gure inguruan, hemen gertatzen denaz bestaldera, “trantsizio energetikoa” aurrera eramaten ari dira eta arian-arian dihardute energia berriztagarriak ezartzen. Hala, trantsizio honetan erabakigarria da Europa 2020 Estrategia ezaguna, Batzordeak 2010. urtean aurkeztutakoa. Estrategia horrek EBren politika energetikoaren helburuak finkatzen zituen: i) berotegi efektuko gasen isurketak %20 murriztea 1990eko mailen aldean; ii) energia berriztagarrien iturrien kopurua %20 gehitzea energiaren azken kontsumoan eta iii) efizientzia energetikoa %20 hobetzea 1990eko mailen aldean. Horregatik, kontuan hartu beharra dago gaur egungo sistema elektrikoak behar adina ekoizpen iturri dituela hornidura ziurtatzeko erregai fosil edo energia nuklearra erabiltzeke eta, gainera, merkatu elektrikoan parte hartzen duten operadore ekonomikoek guztiz eskuragarri dituztela. Gainera, kontratazio publikoan iturri kutsagarriak ez onartzea ez da diskriminatzailea eta, beraz, hori ez zaie kontrajartzen EBren Itunaren barne merkatuaren oinarrizko printzipioei, EBren Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak defendatu bezala.

Gauzak horrela, udalak bere gain hartzen du konpromiso hori eta, ondorioz, onartzen du kontratazio publikoa ingurumen politikan eta politika energetikoan esku hartzeko lanabesa dela, eta kontratu hau betearazteko baldintza berezi gisa ezartzen du (SPKLTBren 118. artikulua) enpresa adjudikaziodunak hornitu beharreko elektrizitateak iturri berriztagarrietatik etorri beharko duela.

2. Aurrezpen neurriak: kontratatutako potentzi aldagaiak eta energia erreaktiboaren konpentsazioa.

Energiaren merkatu liberalizatuan, ordea, elektrizitatearen prezioari ezarritako kostuak agertzen dira, energiaren arloan eskuduna den ministerioak araututakoak. Horiei kostu erregulatu irizten zaie, eta haien artean nabarmentzen da kontratatutako potentzi aldagaiaren araberako “bidesaria”. Energiaren Merkatu Batzordea ordeztu duen Merkatu eta Lehiakortasunaren Batzordearen txosten bati jarraituz, “bidesariak” gaur egun kontsumitzaile bakoitzak ordaindu beharreko azken fakturaren %41 inguru dira.

Aurrekontuaren arrazionalizazioa abiaburutzat hartuz, Bakioko Udalak faktura elektrikoa merkatu nahi du ekonomikoki, eta horretarako berehalako eragina izango duen neurria honakoa da: kontratatutako potentzia hornidura puntu bakoitzean egokitzea benetako kontsumoa kontuan hartuz.

3. Laguntza tekniko pertsonalizatua eta aurrezpenerako nahiz efizientzia energetikorako prestakuntza, udal jarduketan.

Merkatu elektrikoaren dinamismoa eta konplexutasuna ez eze faktura elektrikoaren prezioaren zati erregulatuari arian-arian eragiten dioten arauzko aldarazpenak ere kontuan hartuz, beharrezkotzat jotzen da udalak laguntza eta aholkularitza pertsonalizatu eta hurbila izatea kontratuaren esleipenduna izango den komertzializatzailearen zuzeneko informazio eguneratuaren bidez. Gainera, garrantzizkotzat jotzen da pertsonal teknikoak nahiz ordezkaritza instituzionalak behar bezain eguneraturik dagoen prestakuntza izatea sektoreari, haren funtzionamenduari eta efizientzia energetikoaren neurriei buruz, horiek erreferente gisa erabil baitaitezke aurrezpen energetiko eta ekonomikoa izango duten udal instalazio eta zerbitzuak bideratzeko ekintza eta neurriak ezar daitezen.

Halaber, interesgarritzat hartzen da herritarrek gai honi buruzko informazio eta prestakuntza jasotzea, guzti-guztiok kontsumo ohitura arduratsuen jardun indibidual eta kolektiboan inplikatu ahal izateko.