Albisteak

 
Uraren Euskal Agentziarekin izenpetutako protokolo honen helburua da Bakioko Udalak jarduketa plan bat izatea jabari publiko eta hidraulikokoak diren ibai eta erreketetako ibilgu eta ibarretan esku hartu ahal izateko. Protokolo honen ingurumarian jasoko diren jarduketen xedea izango da, batetik, ibarretako landaretzaren gaineko ukipenak saihestea eta ibaien ekosistema eta haien biodibertsitatea babestea eta, bestetik, gaitasun eta edukiera hidraulikoa hobetzea jarduketa horiek lehentasunezkotzat jotzen diren eremuetan.

Hitzarmen honen bidez, bi alderdien zereginak ezartzen dituen protokoloa onartzen da eta, bidenabar, jarraipen batzorde bat eratzen da. Batzorde hori udaleko bi ordezkarik eta Uraren Euskal Agentziaren beste horrenbeste ordezkarik osatuko dute.

Jarraipen batzorde horren lehendabiziko zeregina izango da jarduketa plan bat diseinatzea, aurrera eraman beharreko eginkizunak planifikatuz. Plangintza horretan boluntarioen zeregina, sentsibilizazioa eta antzekoak jasoko dira, baldin eta ibilguak eta ibarrak zaintzeko eta berreskuratzeko lanarekin zerikusia badute.

Behin jarduketa plana prestatu eta gero, adostutako jarduketek dakartzaten kostu ekonomikoei aurre egin beharko zaie, aurrekontu zuzkidura kontuan hartuz. Bi aldeek konpromisoa hartzen dute egin beharreko lanen koordinazioari begirako egutegi komuna prestatzeko.

Hitzarmenak lau urteko iraungo du eta beste lau urte luzatu ahalko da.

Udalak protokoloaren onarpenaren bidez legegintzaldiko beste helburu garrantzitsu bat beteko du; izan ere, URArekin koordinatzea lortu da prebentzioa lantzeko eta arriskuari aurre hartzeko, ibaiak eta errekak naturalizatuz eta haien egoera osasungarrien alde lan eginez.