Albisteak

 

Laster Bakioko Udalak adjudikazio-prozesu bat jarriko du abian, herri baso-sail batzuk birlandatzeko eta basoberritzeko, hain zuzen Gaubieta, Andiño eta Sarratxo izeneko baso-eremuak, guztira 44,59 hektarea, horrela buelta emanez orain arteko garatu diren basoa kudeatzeko politikei.

Birlandatuko den herri baso gehiena helburu produktibo hutsarekin erabili izan da azken hamarkadetan, batez ere eukaliptoa eta pinua izan baitira nagusi bertan. Oraingo honetan basoaren berezko izaera babesteko asmoz, Udalak apurka-apurka bertoko basoaren aldeko apustua egin nahi du, bereziki aipatutako Gaubieta eta Andiñoko kostaldeko mendi-hegaletan eta Sarratxo aldean, modu jasangarriagoan kudeatuz herri ondasunak.

Erabaki hau aurrerapausu handia da Bakio Udalak herritarrekin batera diseinatu zuen Bakioko Posizionamendu Estrategikoaren Oinarriak izeneko dokumentuan zehaztutako bidean. Bertan, argi azaltzen dira lurralde ereduaren plangintza berriaren nondik norakoak epe luzerako, 2030erako hain zuzen. Era berean, diseinatutako estrategien oinarri dira Euskal Adierazpenaren Printzipioak eta Bakio 20130 Dekalogoa; bertan garatzen diren hamaika printzipioetako batek honelaxe dio:

  • "Lurraldean oinarritutako nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza bultzatzea".

Horixe da, beraz, aipatutako alde horietan egingo den basoberritzearekin lortu nahi dena. Erantsitako planoetan zehazten dira zeintzuk diren baso-sailak, baita landatuko diren espezieak ere.