Albisteak

 

Bakioko udalbatzak 2018ko urtarrilaren 25eko osoko bilkuran onartu zituen EHbilduren aldeko botoekin eta EAJren eta BakioBai-ren abstentzioarekin Hiri Antolamendurako Plan Orokorra prestatzeko oinarria izango diren helburu eta irizpideak.

Helburuen eta irizpideen onarpenaren xedea da ekonomia eta lurralde arloko iraunkortasunean oinarritutako eredu urbanistiko berriaren lorpenean aurrera egiten jarraitzea. Haren edukiak jasotzen ditu aurrerapen agiriaren jendaurreko fasean bildutako informazioa eta 2016 eta 2017an zehar izandako partaidetza ekintzen eta prozesuen ondoriozko iradokizunak eta ekarpenak.

Antolamendurako eredua “Bakio 2030” Posizionamendu Estrategikoen Oinarrietan egokitu eta azaldutako printzipioek osatzen dute. Jarraian, helburu orokorrak nahiz irizpideak zehazten dira:

Helburuak:

  1. Bakioko herrigunea lurraldearekin bateratzea, balioen eta prozesuen zaintza bermatuko duen erlazioa ezarriz; aldi berean, horren bidez lurraldeak bizi kalitatea eta tokiko ekoizpen eredua balioetsiko ditu.
  2. Hiri egitura berrosatzea, integrazio handiagoa eta erlazioen dimentsioa sendotzeko gaitasun handiagoa emanez.
  3. Joerazko hazkunde begetatibo neurritsuari begira, etxebizitzen, eremu libreen, ekipamenduen eta azpiegituren dotazioak modu egokian dimentsionatzea.
  4. Lurraldea ordenatzea bere baldintzei eta era moldagarriko arrisku lotuei erantzunez eta bakar-bakarrik onartuz bertoko baliabideen kudeaketaren bidez ezin konpon daitezkeen halabeharrezko eraldaketak.

Irizpideak:

  • A. Turismoa sustatzea udazkenean, neguan eta udaberrian ostatu gauak eskainiz.
  • B. Lurraldeko nekazaritza, abeltzaintza eta baso kudeaketa bultzatzea.
  • C. Energia berriztagarrietan oinarritutako jarduerak bultzatzea.
  • D. IKTn oinarritutako jardueren eta lanen aldeko baldintzak sortzea.
  • E. Negu eta udako bipolaritatea kontuan hartuz planifikatzea eta kudeatzea.
  • F. Hutsik dagoen etxebizitza eta bigarren etxebizitza berrerabiltzeko lehentasuna, bizileku berriak eratzeko.
  • G. Bakioko bizi kalitatearen hobekuntza bultzatzea egokitzapen energetikoa abiaraziz, erlazio eremuak sendotuz eta ekipamenduen eta zerbitzu publiko eta pribatuen egokitzapena hobetuz.
  • H. Mugikortasun, energia, kultura eta kirolaren arloko premiak modu kolektiboan konpontzeko ekimenak garatzea.
  • I. Etxebizitza babestuari lehentasuna ematea aukera berdintasuna bermatzeko eta biztanleria gazteari eusteko.
  • J. Planifikazioaren eta kudeaketaren arteko jarraitasunari eustea. Plan-prozesua.
  • K. Hiri kalitatea lurraldeko natur elementuen integrazioarekin lotzea antolamenduan.
  • L. Natur arriskuen kudeaketa bideratzea moldagarritasun partaidetzarik handienarekin.

Onarpen hau urrats garrantzitsua da kudeaketa urbanistikoaren norabidea aldatzeko eta herritarrek Bakioko etorkizuna diseinatzeko partaidetza prozesuetan adierazitako errealitate bihurtzeko.