Albisteak

 

Maiatz honetan Udalak Bakeako Skateparkaren erreformarako lanak esleitzeko prozesuari ekin dio eta, ondorioz, argitara eman ditu beharrezko lan urbanistikoen lizitazioa egiteko baldintza agiriak.

Hasitako prozedura datorren maiatzaren 30ean amaituko da eta, behin proposamen irabazlea hautatu eta gero, enpresa adjudikaziodunak 7 asteko epea izango du kirol instalazio hau berritzeko. Hortaz, aurreikusita dago lanak uda honen erdialdean amaituko direla, seguru asko uztailean zehar.

Erreforma obra honen kostua ia 64 mila eurokoa da; hala ere, kopurua, beharbada, apur bat murriztu ahalko da lizitazio prozesuan zehar.

Jarduketa urbanistiko honen helburua bikoitza da: batetik, behin betiko erantzuna ematea auzotarren aldarrikapen historiko bati, udal ekonomia hobetu den garai honetan, eta, bestetik, instalazioa “skate”, “roller” “scooter” eta “bmx” diziplinetarako egokitzea, aldez aurretik egin behar izan den segurtasun eta osasun azterlanaren arabera.

Beraz, ekipamendua hobetzeaz gain, erabiltzaileek arrisku gutxiago izango dituzte kirol jardunean, baina aukera gehiago eskainiko dituzten pista berri eta seguruagoetan.