Albisteak

 

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 876. sarrera erregistroa eta maiatzaren 16ko data dituen idatzi baten bidez jakinarazi zuen uztailaren 1etik aurrera Bakioko San Migeleko sistema funtzionamendurik gabe utziko duela. Horrek berekin ekarriko du Bakio oso-osorik Zadorrako sistemako urekin hornitzea eta segundoko 60 litrotik gorako ur emaria baztertzea.

Dena dela, Bakioko Udalak Europar Batasuneko Uren Marko Zuzentaraua bete nahi du; izan ere, zuzentarau horrek azpimarratzen du arro hidrografikoetan jarri behar dela arreta, hori ura kudeatzeko biderik egokiena den aldetik. Era berean, ingurumen ebaluazioaren erreferentziazko erregulazio europarra ere kontuan hartu beharra dago; izan ere, horrek ezinbesteko egiten du aukera desberdinak aztertu beharra, bai eta ingurumenaren, teknikaren eta bideragarritasun ekonomikoaren ikuspegitik aukerarik egokiena identifikatu beharra ere.

Partzuergoaren erabakia aintzat hartuz, gaia maiatzeko osoko bilkuran eztabaidatu ondoren, udalbatzak, EHbildu eta BakioBai talde politikoen aldeko botoekin, honakoa eskatu nahi dio Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari:
a. San Migeleko sistema funtzionamendurik gabe uzteko erabakia eten dezala.
b. San Migeleko araztegiaren bideragarritasuna aztertzeko txosten alternatiboa egin dezala eta ez dezala halako erabakirik hartu, harik eta azterlan hori izan arte.

Gainera, udalbatzak eskatzen du ura kudeatzeko ereduan honako jarraibideetan oinarritzeko:

  • Erakundeen arteko lankidetzan, erabakiak hartzerakoan.
  • Lurraldearen eta baliabide publikoen erabaki garrantzitsuei begira, adibidez, udalerriaren kudeaketa hidrikoari begira, herritarren partaidetza sustatzeko lanean.
  • Bakiok hornidura arazoak dituen hilabete bakarra abuztua izanik, arazoa konpontzeko zuzeneko nahiz zeharkako neurriak aztertzeko zereginean.

Maiatzeko Plenoan onartutako eskaera (PDF 146KB)