Albisteak

 

Udalak, orain dela bi urte, ekin dio Bakioko eredu urbanistikoa zehazteko prozesuari, herritarrekin batera. Prozesu horren emaitza gisa, etorkizuneko hirigintza plangintzaren helburu eta irizpideak finkatu dira.

Partaidetza sustatzeko dinamiketan esku hartu duten pertsonek hautatutako eredu urbanistikoa bi aukeren arteko nahasketa bat da, “Bakio barrurantz" eta “Bakio presarik gabe" ereduen nahasketa, alegia. Eredu horrek Udala behartzen du aurreko ereduaren inguruan gogoeta egitera; izan ere, garai hartako hedapen urbanistikoaren ondorioz, 1.900 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zen. Beraz, eredu urbanistiko berria garatzeko eta udalak etorkizunean bultzatu beharreko etxebizitza politikak eta politika turistikoa zehazteko, ezinbestekoa da gaur egungo etxebizitza eskariaren berri izatea.

Bestalde, esan beharra dago azken hilabeteotan etxebizitzen jabeen eskariek gora egin dutela, bizilekuak pisu turistiko bihurtzeko. Pisu turistikoena gertakari berria da Euskal Herrian, eta gaiari erantzukizun eta arduraz heldu behar zaio. Eusko Jaurlaritza etxebizitzetan jarduera turistikoa arautuko duen turismo legea izapidetzen dihardu. Baina, bien bitartean, udaletan jarduera hori arautzeko ordenantzak diseinatzen ari gara; izan ere, arautu ezean, jarduera horrek arriskuak ekar litzake bigarren etxebizitzak edo hutsik dauden etxebizitzak berrerabiltzeko oinarria duten etxebizitza politikak diseinatzerakoan. Bilbok eta Donostiak, esaterako, baldintzatzaile urbanistikoak jarri dizkiete pisu turistikoei eta Gasteizko Udalak jarduera hori debekatu du, harik eta jarduera hori izapidetzen ari den hirigintza plangintza berriaren bidez diseinatu eta arautu arte.

Bakioko Udalean, erabakiak hartu aurretik, informazioa jasotzeko lana egin nahi dugu aldez aurretik. Ezagutu nahi dugu zein den etxebizitzaren benetako eskaria, udalerriko alokairuaren eskaria ere zehaztu ahal izateko. Horretarako, Internet bidez bete beharreko inkesta bat prestatu dugu. Bakion bizitzeko interesa duten pertsona guztiei eskatzen diegu galdera sorta hau betetzeko.

Inkestaren esteka