Albisteak

 

Aurten ere, Bakiok nekazaritza azoka egingo du, bere XXXIII. edizioa, baina anbizio handiko formatu eraberrituarekin, eta, horretarako, jai giroa, azoka egunak, jarduerak eta tematikak handitu eta luzatuko ditu.

Ikuspegi berri hau premia batetik sortu da, azken urteotako formatu tradizionalarekin bultzada eta garrantzia galtzen hasitako azoka berriz indartzeko premiatik, hain zuzen. Gainera, salmentak ere urterik urte jaisten ari ziren. Bestalde, kontuan hartu beharra dago Bakion ere Artisautza Azoka egin dela azkeneko 25 urteetan, Arbaso Elkartearen laguntzaz; merkatu horren eta nekazaritza azokaren helburua bera zen: gure lurraldeko ekoizleak ezagutzera ematea eta bertoko produktuen kontsumoa sustatzea.

Hala, bi azokak interesa galtzen hasiak zirela ikusirik, Udalak aurreko ediziotik kontsulta eta bileren txanda bati ekin zion inplikatutako eragileekin (ekoizleak, ostalariak, BBK, Jata-Ondo...), hasierako espiritua berreskuratu nahian, baina formula integral, parte-hartzaile eta erakargarriagoa baliatuz. Gauzak horrela, azokari beste izen bat jarri zitzaion, Bakio Saltsan, aurreko bi azokak eta aurreikusitako gaiak eta jarduerak uztartzeko nahia ageri-agerian gera zedin.

Jarduera parte-hartzaileak: tailerrak, dastaketak eta musika

Bakio Saltsan” nekazaritza eta artisautza azoka berria, uztailaren 29 eta 30ean, zapatu eta domekan, egingo da Sabino Arana etorbidean, goizez eta arratsaldez: 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Asteburu osoan ortuariak eta artisau produktuak dastatu eta erosi ahalko dira, berbarako ogia, euskal pastela, larrua, loreak, gazta, pateak, bitxiak, zurezko tresnak, mermeladak, oihalak, okela ekologikoa… Halaber, jarduera berritzaile eta osagarriak izango dira, esate baterako artisau garagardoak dastatzekoa, haurrentzako gominola osasungarrien tailerra eta eskualdeko platerrik tipikoenetariko bat, sukalkia, egiten ikasteko tailerra. Eta dena alaiagoa izan dadin, zapatuan Taberna Ibiltariak jo eta su jardungo du bere doinu biziak zabaltzen.

Bi egunetan zehar, beraz, nekazaritza eta artisautza produktuak saltzen dituzten hogeita hamar bat postu txandatuz joango dira goiz eta arratsaldez. Horrek guztiak, ezbairik gabe, are gehiago girotuko du San Ignazio jaiaren bezpera.