Albisteak

 

2018ko ekaineko udalaren osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zen “Solozarre” SR4 sektoreko urbanizazio-obrak behin betiko exekutatu ahal izateko esparru baldintzak eta betebeharrak eta sektore horretako konpentsazio-sektoreko 8. partzelaren eraikuntza arautzeko hirigintza-hitzarmena

Jatorria:

Solozarre sektoreak Nazape gunea, Albobide eta Goienkale hartzen ditu, eta 2006an diseinatu zen. Hirigintza-planak diseinatzen direnean, legeak eman beharreko urratsak ezartzen ditu; gune horren kasuan, urte horretan bertan sektorearen garapena zehazten duten hirigintzako plangintza eta kudeaketa, obra-proiektuak eta guneak izan behar dituen hirigintza-zerbitzuak onetsi eta sinatu ziren, bai eta bide edo ekipamenduetarako lursailen kokapena ere (teknikoki konpentsazio-proiektu, plan partzial eta hirigintza-proiektu esaten zaie).

Obrak hiru zatitan exekutatu ziren: lehenengo, 2008an, udal-kiroldegiaren gunea eta BOEen gunea exekutatu zen eta, bigarrenik, Albobide eta Goienkale. Eta argazkian ikusten dugun zatia exekutatu gabe utzi zen.

 

*Albobide kalea moztuta dago, Bekoerrota baserriaren inguruan, eta Goienkaleren lotunea, Arrien etxearen inguruan, behin-behinean egin zen. Lotune horrek mugikortasun-arazoak dakartza, bai ibilgailuentzat, bai oinezkoentzat, eta herriko gune arriskutsuenetako bat da.

Exekutatu gabeko urbanizazio-obra horiez gainera, sektorea amaitu gabe dago, eta 4 etxebizitza daude egiteko beheko argazkian aipatzen den partzelan. Partzela hori eraikitzeko eta urbanizatzeko betebeharra “José Antonio Olabarri Construcciones SL” enpresari dagokio.

Administrazio publikoek obrak eta proiektuak esleitzen dituztenean, adostutakoa betetzen dela bermatzeko eta obrak amaitu gabe ez geratzeko, kontratatzen diren enpresek abalak uzten dituzte, legeak ezarritakoaren arabera. Horrela, arazorik badago eta kontratatutako enpresek adostutakoa betetzen ez badute, Udalak obrak subsidiarioki exekuta ditzake, abal gisa gordailututako kopuruarekin, hitzartutakoa ez betetzeak erkidegoari arazorik ez eragiteko.

Solozarreren kasuan, 2009ko martxoan, alkatetza-dekretuaren bidez, urbanizazioaren enpresa arduradunari (Moldis-Echarro, SL) abala bueltatzea erabaki zen, nahiz eta espedientean dagoen txosten batek abala itzultzeko txosten teknikoa eman behar dela adierazten duen; txosten tekniko horrek urbanizazio-obrak amaitu direla egiaztatu behar du. Harrezkero, nahiz eta egiteko dauden obren arduradun den enpresari bere betebeharrak bete eta obrak amaitzeko zenbait aldiz eskatu zaion, ez ditu eskakizun horiek bete eta, gaur egun, enpresa likidazio-prozesuan dago.

Solozarre sektorearen barruan, goian lauki morean ageri den partzela horrek 355.000€-ko hirigintza-kargak ditu. Eta zer esan nahi du horrek? Haren erosleek kopuru hori Udalari ordaindu beharko diotela, Udalak urbanizatzeko geratzen dena amaitzeko.

Nora goaz:

Arazo horiekin amaitu eta Solozarre sektorearekin bukatzeko, Bakioko Udalak ekaineko udalaren osoko bilkuran hitzarmena onetsi zuen oraintsu partzela erosi duten pertsonekin.  Hitzarmenaren oinarria da jabeek dirua hitzarmena onetsi eta 6 hilera Udalean gordailutzea eta Udalak, kopuru horrekin, sektorearen urbanizazio-obrekin amaitzea.

Egoera udal-teknikariekin aztertu ondoren, sektorean egiteko dauden obrak amaitzeko eman behar diren urratsak ematen hasi gara; horrela, denboran luzatu diren zirkulazio- eta segurtasun-arazoei irtenbidea emango zaie.

HERRITARREI EGOERA HORREN INGURUKO INFORMAZIOA EMATEKO, UDALAK BILERA IREKIA DEITU DU, ABUZTUAREN 2AN, OSTEGUNEAN, ARRATSALDEKO 19:00ETAN, UDAL KIROLDEGIAN.