Albisteak

 

Bakioko Udalak Haria Elkartearekin eta Bakio Surf Taldearekin (BST) batera plastikoaren erabilera murrizteko protokoloa diseinatu zuen. Ingurumari horretan, Udalak konpromisoa hartu zuen plastikoaren erabileraren murrizketarako neurriak abiarazteko.

Bakioko Udalak hiru euskarri instalatu ditu erretzaileek hondartzan hautsontzi berrerabilgarriak izan ditzaten. Osakidetzak eta Osasun Sailak erretzeari uzteko bultzatutako kanpainen aldekoak izan arren, jakitun gaude oraindik ere erretzaile ugari dagoena.

Zigarro mutxikinek produktu kutsagarri asko dituzte, hala nola etxea garbitzeko produktuetan azaltzen diren azetona, amoniakoa edo naftalina, baina baita artsenikoa, polonioa, metanola, disolbagarri industrialak edo elementu erradiaktiboak ere. Horiek guztiak ingurumen arazo larria eragiten diete gure hondartza, ozeano eta itsasoei. Hori dela eta, Bakioko Udalak saihestu nahi du gure ozeanoa hondakindegia izaten jarraitzea eta gaur egun itsas sastarren ondorioak pairatzen dituzten espezie askoren bizitza arriskuan jartzea.

Gainera, plastikoaren erabilera murriztu eta birziklapenaren eta ekonomia zirkularraren balioak sustatu nahian, hautsontziak lata berrerabilgarriak izango dira, elkarteek, dendek, tabernek edo norbanakoek emanikoak.

Zelan erabili:

Interesdunek hautsontziak gordetzen dituzten zurezko euskarri bat izango dute hondartzako sarrera nagusietan; behin hondartzan egon bitartean erabili ondoren, hautsontziok sarrerako euskarrira eroan beharko dira ostera ere, hondartzako edo itsas pasealekuko paperontzietan hustu eta gero.

Komunikazio honen bidez, esker ona azaldu nahi diegu lehenengo latak lortzeko lanean jardun duten pertsona eta kolektibo guztiei. Gainera, gogora ekarri nahi dugu pertsona guztien erantzukizuna dela plastikoaren eta gainerako produktu toxikoen erabilera murrizten laguntzea.