Albisteak

 

Asteazkenean egindako bileran ezagutzera eman ziren aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren lehen fasearen emaitzak. 40-50 lagun inguru gerturatu ziren bilerara, izan ere, urrian proposamenak jasotzeko epea izan da eta herritarren arreta piztea lortu du prozesuak.

Guztira 617 proposamen egin dira aurrekontuetan txertatzeko eta herritarrek proposamenak egiteko gehien erabili duten bidea udal webgunea izan da, 333 proposamen jaso baitira bertan. Gainontzekoak, 144 herritarrekin egindako bileretan jaso dira, eta 140 hainbat tokitan jarritako buzoien bidez.

Parte hartu duten pertsona kopuruari dagokionez, lehen fasea arrakastatsua izan dela ukaezina bada ere, ezin izan dira kopuru zehatzak aintzat hartu. Eta horren arrazoia izan da, proposamenak egiterako garaian izena ematea aukerakoa izan dela; eta beraz, hainbat eta hainbat herritarrek nahiago izan dute proposamen anonimoa egin. Hala ere, 75 pertsonak parte hartu dute egindako 3 bileretan; eskolan egindako bileretan 52 ikaslek egin dituzte proposamenak; gutxienez 250 pertsonak izena eman dute proposamena egiterako garaian; eta, herriko hainbat elkartek ere kideen artean eztabaidatu ondoren bideratu dituzte haien proposamenak. Hori dela eta, zenbaki bat esatekotan, baieztatu daiteke 400 pertsona inguruk parte hartu dutela lehen fase honetan.

Datuekin bukatzeko, proposamenak egiteko erabilitako hizkuntzari dagokionez, %59ak euskaraz egin ditu, eta %41ak gaztelania erabili du.

Proposamenen izaerari dagokionez, era guztietakoak jaso dira, asko herri lanekin zerikusia dutenak dira: irisgarritasuna hobetzeko, trafikoari eragiten diotenak, herriko hainbat espaziotan aldaketak proposatzen dituztenak... baina, bestelako proposamenak ere egin dira, hala nola, kultura arlokoak, ingurumenekoak, mugikortasuna, turismoa, eskola, herriko eraikin publikoak, auzoetarako hobekuntzak... Proposamen guztiak udal webguneko aurrekontu parte-hartzaileen atalean ikusteko aukera dago.

Asteazkenean egindako bileraren bigarren zatian, bertaratutako herritarrek hurrengo fasearen inguruan ere eztabaidatu zuten. Zehatz mehatz, proposamenak baloratzeko garaian zein irizpide erabiliko den eztabaidatu eta erabaki zuten. Azkenean, honako bi irizpideak gailendu ziren: (1) Mugikortasun jasangarria bultzatzen du. Irisgarritasuna, Segurtasuna, Oinezko ibilbideak, bidegorria…; eta, (2) Elkarbizitza eta hiritartasuna bultzatzen ditu. Proiektu eta proposamen hezitzaileak dira.

Hortaz, azaroaren 7, 8 eta 9an egingo diren bileretan proposamen guztiak bi irizpide horien arabera baloratu dituzte herritarrek, eta balorazio onena jasotzen dutenak soilik pasatuko dira hurrengo fasera.