Albisteak

 

2018ko abenduaren 20an hasi zen 2019ko udal aurrekontuetan txertatzeko proposamenen bozketa. Hiru aste baino gehiago izango dituzte 9 urtetik gorako bakiotarrek aukeraketa egin eta urtarrilaren 14a baino lehenago botoa emateko.

Guztira 28 proposamen iritsi dira bozketa fase honetara eta herritarrek horietatik 7 aukeratu behar dituzte parte hartzeko. Halaber, adin nagusikoek (18 urte beteta dituztenek) izen-abizen eta NAN zenbakia zehaztu beharko dute.

Esan daiteke, herritarren erantzuna oso ona ari dela izaten eta parte hartze handia espero dela bozketa fase honetan. Herritarrek, hainbat tokitan (Udaletxean, Kiroldegian, Kultur Etxean eta Anbulatorioan) jarritako urnen bidez, edo internet bidez ere, eman dezakete beraien botoa. Gainera, bi bilera egin dira herritarrekin bozketako arauak eta aukeratu beharreko proposamenak azaldu eta zalantzak argitzeko.

Bakioko Udalak 306.000 € jarri ditu herritarren esku 2019an zehar guztion artean erabakitako proposamenak garatzeko, eta bozketaren emaitzak erakutsiko du herritarrek zein proposamenen alde egiten duten. Emaitza urtarrilaren 25ean, ostiralean, 19:00etan, Txakolingunean emango da ezagutzera.

Oraindik bozka eman ez duten herritarrak animatu nahiko genituzke gelditzen diren egun gutxi hauetan beraien iritzia ere eman dezaten.