Albisteak

Dokumentu hau leiho berri batean irekiko da 

Urrian hasi zen aurrekontu partehartzaileen prozesua azkeneko fasera iritsi da. 2018ko abenduaren 20tik 2019ko urtarrilaren 14 arte, bakiotarrek, gogokoen dituzten proposamenak bozkatzeko aukera izango dute.

Azkeneko fasera guztira 28 proposamen iritsi dira eta herritar bakoitzak horietatik 7 aukeratu beharko ditu. Proposamen bozkatuenak izango dira 2019ko aurrekontuetan txertatuko direnak.

Bozketan parte hartzeko hainbat ontzi jarriko dira herrian (Kiroldegian, Kultur Etxean, Udaletxean eta Anbulatorioan); gainera, bi bilera ere egingo dira (abenduaren 30an, 10:45ean, San Pelaion, eta urtarrilaren 4an, 19:00etan, Txakolingunean) proposamenak azaldu eta herritarren zalantzak argitzeko. Eta, bukatzeko, Internet bidez ere bozkatzeko aukera ahalbidetuko da.

2019ko udalaren aurrekontua oraindik guztiz zehaztuta ez badago ere, 4.000.000€ ingurukoa izatea aurreikusi da, eta horietatik 450.000€ izango dira inbertsioetarako. Prozesu honetan, guztira 306.000€ erabakiko dira, 200.000€ inbertsioen atalekoak eta 106.000€ gastu orokorren atalekoak.

Adinari dagokionez, hasieratik 9 urte baino gehiago duten bakiotarrek parte hartzeko aukera izan dute, horregatik, bozketan parte hartzeko adin minimoa 9 urtekoa izango da. Hala ere, 9 eta 17 urte arteko gazteek etxean jasoko duten inprimaki berezi baten bidez egin beharko dute bozketa, udaletxeko zigilua eramango du eta ez da datu pertsonalik eman beharko. Gainontzeko herritarrentzat beharrezkoa izango da datu pertsonalak zehaztea bozketan parte hartzeko.