Albisteak

 

Hamar urte inguru daramatzagu kanporako irudi eskasa transmititzen eta uste dugu egoera errealaren berri emateko ordua heldu zaigula. Horregatik, honako honen bitartez, adierazi nahi dizuegu Bakio oraingoan ziklo bat ixten ari dela.

2015. urtean, gobernura heldu ginenean, Udala oso egoera ekonomiko larrian aurkitu genuen. 2010etik arrastaka daramagun zor ekonomikoak eta 2012.urtean zor ekonomiko hori kitatzeko sinatu zuten doikuntza planak baldintzatu dute urte hauetako garapen ekonomiko, sozial eta kulturala. Garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea hartzen diren erabaki ekonomikoek herriaren egunerokotasunean duten inpaktua, guk argi dugulako tokiko ekonomia herritarren beharrizanak eta lurraldea bera kudeatzeko tresna bat baino ez dela.

Hau guztia esanda ondorengo mezua zabaldu nahi dugu: Bakiok 2015. urtean zuen %124 zorpetze maila 2017an %42,84ra jeistea lortu du, eta aurreikusten dugu 2018an %26,35era heltzea. Gainera, 2019ko aurreikuspenak betetzen badira,espero dugu aurtengo zorpetze maila %20 baino txikiagoa izatea. Bistan dagoenez, datu hauek egonkortasuna ekonomiko eta presupuestarioa isladatzen dute.

Legegintzaldi honetan definitutako helburu ekonomikoak bi izan dira. Alde batetik egonkortasun ekonomikoa lortzea, eta beste batetik udalaren jasangarritasun ekonomikoa bilatzea. Jasangarritasuna ulertzen dugu udal aurrekontuak Bakiok dituen baliabide ekonomikoak kontuan hartuta diseinatzea dela, beti ere, etorkizuneko egonkortasun presupuestarioa baldintzatu gabe. Testuinguru hau kontuan hartuta, legegintzaldian geure buruari jarritako lehenengo “hito” ekonomikoa gainditu dugu: 2017. urtean, 2012an sinatutako doikuntza plana atzean utzi dugu. Aurreikusitako epean baino 10 urte lehenago egitea lortu dugu. Hau gaindituta, orain hurrengo mugarria 2022. urtean dugu, urte horretan gure ekonomia inflexio puntu batean sartuko baita. Dakizuen moduan, Bakioko Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiarekin Txakolingunea kudeatzeko. Hitzarmen horren truke, 10 urtean zehar banatuta, Udalak 3.200.000€ko diru-sarrera jasotzen du, berau 2022an bukatzen delarik. Beraz, hurrengo helburua izango da “hito” honetara %0 zorpetze mailarekin heltzea.

Badakigu udal batek edo erakunde publiko batek defizitaren edo zerpotze-indizearen inguruan hitz egiten duenean ezinegona sortzen duela gizartean, askotan adierazpen hauek murrizketa plan batekin batera aurkezten direlako. Gure asmoa lasaitasun mezua zabaltzea da: argi utzi nahi dugu, “economia de guerra” deitutakoa aplikatzen duen eredua gaitzesten dugula,eta 2015etik gaur arte egin bezala zerbitzu publikoak berreskuratzen, babesten eta inbertsioak diseinatu eta exekutatzen jarraituko dugula. Testuinguru honetan kokatzen ditugu lorezaintza zerbitzuaren berrezarpena, udal kiroldegia zabaltzea, gaztelekua eta asteburuetako ludoteka martxan jartzea, eskolako aterpea, skaterparkaren konponketa edo beste hainbat inbertsio URAren eskuetan daudenak oraindik, beraiek baiezkoa ematen dutenean exekutatuak izateko. Hauen artean daude Ibarratorreko obrak edo Solozarreko urbanizazioa bukatzeko obrak besteak beste.

Egonkortasuna mantentzeko Udalaren politika ekonomikoa birdefinitu dugu. Guk ekonomia herritarren eta lurraldearen beharrizanak asetzeko herramienta bezela ulertzen dugu. Era honetan aurreko eredutik aldendu nahi dugu. Aurreko ereduak lurraldea erabiltzen zuen ingresoak handitzeko eta era proportzionalean gastuak handitu ahal izateko zerbitzu berriak sortzeko.

Urbanismoaren garapenak eta 1000 etxe baino gehiago eraikitzeko aurreikuspenak urte luzeetako politika ekonomikoa baldintzatu du. Eredu honen aurrean legegintzaldi honen helburua izan da herritarrek lurraldearen garrantzia ulertzea eta hurrengo urteotan garatu beharreko hirigintza eredu berria definitzea. Prozesu honetan perfil, ideia politiko eta adin desberdinetako herritarrek parte hartu dute, 300 pertsonatik gora hain zuzen ere. Bakiok norabidea aldatu nahi du eta orain erreferenteak bilatzen ditu jasangarriagoak diren komunitate eta herrialdeetan. Testuinguru honetan kokatzen ditugu basoen plan berria, Bakearen etorkizuna edo Solozarrerena, eta baita bukatu gabe dauden beste sektore urbanistikoena ere.

Legealdi honetako beste helburu garrantzitsu bat izan da gardentasunaren alde eta parte-hartzearen alde egin den apustua erabakiak hartzeko orduan. Tokiko politikak, eraginkorra eta eragilea izan nahi badu, herritarren begirada islatu behar baitu. Testuinguru honetan eztabaidarako eta hausnarketarako guneak sortu ditugu: bilerak elkarteekin, bilera irekiak, auzo-batzarrak, arlo desberdinetakoak, parte hartzeko foroak, Umeen Herriaren aholku batzordea, bilerak jubilatu eta pentsiodun pertsonekin…

Parte-hartzea egituratzea da hurrengo urteotarako erronka, jarraitu behar dogu eta herritarrek parte hartzeko guneak sortzen. Ildo honetan burutu da 2019ko aurrekontua diseinatzeko prozesua, aurrekontu parte-hartzaileak garatzeko 2018an hasi zen prozesua. Adostasun politikoarekin hasi zen prozesu honek berme batzordea izan du ardatz, ausaz aukeratutako pertsonek osatua, eta herritarren 600 proposamen baino gehiago jaso zituen. Azken fasean ere, proposamenak botatzekoan, 475 bakiotarrek hartu du parte.

Horregatik albiste hau baliatu nahi dugu eskertzeko herritarrek prozesu honetan izan duten interesa eta parte-hartzea. Horrek ahalbidetu baitu erronka historikoa lortu izana 2019 honetako urtarrileko Osoko Bilkuran: Aurrekontuak aho batez onartzea. Udal korporazioa osatzen dutenei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, aurrekontua onartzeko bidean egindako ahaleginagatik. Zalantza barik, erantzukizunez kudeatzen jarraitzea izango da markatutako helburuak lortzeko bermea, honako helburuok hain zuzen:

  • Jasangarritasun ekonomikoa eta aurrekontu-egonkortasuna.
  • Bakioko lurraldearen garapena.
  • Herritarren parte-hartzea gure herriaren garapenaren berme gisa.

Udal Gobernua