Albisteak

Dokumentu hau leiho berri batean irekiko da 

Donostian 2019ko martxoaren 6, 7 eta 8an “Change the Change” Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Biltzarra eta Euskal Autonomia Erkidegoan Klima Aldaketaren Astea egingo direla eta, martxo honetan Bakion ere izango dugu Klima Aldaketaren Astea, programa barruan herritarren adin talde guztientzako jarduera sorta zabala eta guzti.

Gauzak horrela, martxoaren 2an, zapatua, ingurumen tailerrak antolatu dira ludotekan 6 urtetik 8ra bitarteko umeentzat; martxoaren 3an, domeka, ekintzen saio bikoitza izango dugu planetaren zainketari buruzko bakarrizketa batekin eta, jarraian, baso autoktonoen garrantziari buruzko hitzaldi batekin, eta, gainera, egun honetan hasiera emango zaio plastikoaren kontrako kanpainari, poltsa berrerabilgarriak banatuz eta herritarren eskura jarriz udaletxe, kultur etxe, kiroldegi eta turismo bulegoan; era berean, martxoaren 9an, zapatua, ingurumen eta birziklapen tailerrak prestatu dira 9 urtetik 17ra arteko gazteentzat.

Uholde arriskuaren hobekuntza Esteponaren inguruan

Jarduera horiei guztiei amaiera biribila eman nahian, martxoaren 22an, barikua, Uraren Euskal Agentziak, URAk, eskainiko digun hitzaldi informatiboa izango dugu, Bakiori eta udalerriko etorkizunari bete-betean eragiten dion gai bati buruzkoa; izan ere, berbaldi interesgarri horrek uholde arriskua murrizteko eta Estepona ingurua berreskuratzeko gaiaren inguruan jardungo du, bai eta hurrengo bi urteotan helburu hori lortzeko aurreikusitako jarduketen inguruan ere.