Albisteak

 

Urtero bezala, Bakiok harrera ezin hobea eskainiko die San Joseei eta jaion alde egingo du topa, azkeneko uztako txakolinek lagunduta. Herriko txakolin ekoizleak berriro ere izango dira protagonista nagusiak martxoaren 19an; izan ere, martitzenean, San Jose egunean, gure ardo aparta honen uzta berria aurkezteko ekitaldi nagusia egingo da, bai eta aurkezpenari lotutako ohiko nekazaritza azoka ere. Azokaren aurkezpenera bertaratutakoek aukera bikaina izango dute herriko lau upeldegietako txakolinak, 2018ko uztakoak, dastatzeko.

Zapatuan, domekan eta astelehenean, jaion aurrerapena izango da. Hala, zapatuan, Alaitasuna Pilota Taldeak antolatutako 24 orduetako pala finalak izango dira 13:00ak inguruan eta “Mahasti-Rock” musika jaialdia Bakean 20:00etatik aurrera “Wicked Wizzard”, “Lee Perk” eta “Huts” taldeen partaidetzarekin. Era berean, domekan ekitaldi ugari izango dira, besteak beste, Txakoligunera, udalerrira eta txakolindegi batera 10:30etan egingo den bisita gidatua, herri kirolen erakustaldia frontoian 13:00etan eta, arratsaldez, “Organik” famili ikuskizuna Txakolingunean 18:00etan; antzezlan horren ostean, Urkitza Guraso Elkarteak askari osasuntsuak banatuko dizkie ekitaldira bildutako ume guztiei. Era berean, astelehen arratsaldean umeentzako herri kirolen saio bat izango da frontoian, bai eta talo tailerrak ere, 17:30etik aurrera. 

Eta San Jose egunean bertan, martitzenean, martxoak 19, jaiegun nagusia ospatuko da uzta berriaren inguruan. Jardunaldia 10:30ean hasiko da Zubiaurrealdeko karpan nekazaritza azoka irekitzen denean; azokan Euskal Herriko produktu tipikoak erosi ahalko dira, esaterako gaztak, pateak, kontserbak, eztia, ortuariak, txerrikiak…, umeak ponian ibili ahalko dira eta produktu ekologikoak dastatzeko aukera ere izango da. Handik ordu gutxira, 13:00etan, uzta berriaren aurkezpena izango da, aurpegi ezagun batek babestu eta lagunduta. Aurten uztaren amabitxia Onintza Enbeita kazetari eta bertsolaria izango da, gure artean oso ezaguna Bizkaiko bertsolarien txapelduna delako, hainbat komunikabidetan diharduelako kazetari gisa eta ETBko hainbat saioren aurkezlea izan delako. Ekitaldiak eguerditik aurrera ere luzatuko dira eta, adibidez, 14:30ean herri bazkaria izango da, Gure Etxeak antolatuta.

Gainera, martxoaren 16, 18 eta 19an idi proba tradizionalak izango dira gaueko 21:00etan.

 

Informazio gehiago