Albisteak

 

Domeka honetan, martxoak 31, Bakio 1936-1945 liburuaren aurkezpen ekitaldia izango da 13:00etan, Txakolingunean.

Horrela, memoriaren gainean egindako lanketa honi esker, batu egin dira azken urteotan herri mugimenduak jasotako informazioa eta azken hilabeteotan Aranzadik herritarrekin batera egindako lana.

Argi dago, memoria ez dela instituzioek bakarrik landu beharreko gaia, Bakioko herriak azken 15 urteotan erakutsi duen moduan; memoria, bizirik eta presente izan behar dugun gaia da, nondik gatozen ulertzea ezinbestekoa delako etorkizuna irudikatu ahal izateko.

Hori dela eta, Bakioko Udalak aurrerapausoa eman nahi du memoria, erreparazio eta egiaren lanketan eta helburu horrekin 1936-1945 urteen artean Bakion izandako giza eskubideen urraketak bildu ditu argitalpen honetara.

Liburu hau Aranzadi Zientzia Elkarteak, herritarren laguntzarekin batera, egindako ikerketa-lan eskergaren emaitza da.