Albisteak

 

Bakioko Udalak diruzaintzako 761.952,77 euroko gerakin batekin amaitu du 2018. urtea. Datu horrek gobernu taldeko kideak gogobetetzen ditu, argi ikusten baitute udal kudeaketa eta, bereziki, kudeaketa ekonomikoa nabarmen hobetu direla.

Kontuan hartu beharra dago 2012tik 2015era bitartean aplikatutako gerra ekonomiak egiteke utzi zituela mantentze lan eta inbertsio ugari, 2012an onartutako doikuntza planak ez baitzuen ahalbidetzen gerakin hori erabiltzea inbertsioak egiteko, egin barik zeuden lanak bideratzeko edo herritarren premiei erantzuteko. Bakioko Udalak kinka larri hori gaindituta, erabaki du diruzaintzako gerakin hori udal aurrekontuaren barruan sartzea, luzaroan egin barik egon diren inbertsioak bideratu ahal izateko. Soberakin horrekin zorra ez amortizatzeko erabakia udal zorraren eta ekonomiaren bilakaera egokiaren ondorioa da: 2012an egindako aurreikuspenaren arabera, 2018. urtean zorra %78koa izango zen, baina urtea amaitu dugu zorraren %26arekin. Horrek aurrera begiratzea ahalbidetzen digu, bai eta diru hori erabiltzea ere orain arte ezin estal zitezkeen premiak asebetetzeko.

Bakioko Udalak honako proiektu hauetarako erabiliko du 2018ko gerakin positiboa:

  1. Udal probalekuaren inguru eta aparkalekua egokitzeko lana, motordun ibilgailuen abiadura kontrolatzeko eta oinezkoentzako eremuak egokitzeko: egitasmo hau aurrekontu parte-hartzaileetan boto gehien jasotako laugarrena izan zen, baina inbertsioetatik kanpo geratu zen kostuagatik. Proiektua 180.500 euroan baloraturik dago, eta udal aurrekontua onartu zuen osoko bilkuran konpromisoa hartu genuen obra hori diruzaintzako gerakinarekin finantzatzeko.
  2. Irisgarritasuna hobetzeko inbertsioa: kontuan hartu beharra dago diruzaintzako gerakin horren zati bat TAOren tasaren bilketaren superabitaren ondorioa dela; gauzak horrela, aurten inbertsio bat egingo da irisgarritasunean, oinezkoen igarobidea eta segurtasuna hobetzeko asmotan.
  3. Udal liburutegian egingo den inbertsioa: 2019-2020ko ikasturterako eskolak ikasgela bat gehiago beharko du (matrikula kopuruak gaur egungo egiturari eusteko ratioak gainditzen baititu). Egia esan, hezkuntza instalazioei dagokienez, trantsizio tarte batean gaude: Hezkuntza Sailak dagoeneko bere inbertsio memorian onartu du eskola handitzeko lana, baina bien bitartean eskolak bete beharreko premiak ditu, urtez urte baloratu eta ezarri beharrekoak. Beraz, 2019-2020ko ikasturteari begira, liburutegia Urkitza eskolako ikasgela gisa atontzeko erabakia hartu da eta gaur egungo liburutegia Kultur Etxearen beste alderdira eramango da, gaur egungo ludoteka okupatuz. Liburutegia egokitzeko lan horrek zenbait aldaketa eragingo dizkio Kultur Etxeari; horregatik, beharrezko inbertsioa egin beharko da eta hori gerakinarekin finantzatuko da.
  4. Udaltzaingoarentzako ibilgailua eta udal lantaldearentzako kamioia: biak ala biak beharrezkoak dira aspalditik, gaur egun erabiltzen ari direnak nahiko hondaturik baitaude, baina orain arte ezin izan diogu kostuari aurre egin.