Albisteak

Dokumentu hau leiho berri batean zabalduko da 

Martxoan heldu da Ibarratorre kaleko obrak egiteko Ura Euskal Agentziaren azken baimena, zazpi hilabetez erantzuna itxaroten egon ondoren. Ostean, Bakioko Udalak azkenengo Osoko Bilkuran onartu du  kale hau berrantolatuko duen proiektua. 

Ibarratorre kalea gaur egun urbanizatuta dauden bi eremuren arteko urbanizatu gabeko kale bat da. Egoera horrek oinezkoei eragozpenak sortzen dizkie kale tarte batean ez dutelako eremu zehazturik. Horren jakitun, Bakioko Udalak Eskola Bideak proiektua martxan jarri zuen gune hori berregituratzeko umeen eta gurasoen begirada txertatuz. Proiektu honen helburu nagusia da umeak eskolara bide egokietatik joatea oinez,bizikletaz edo patinetez era autonomoan.

Guraso eta umeek eskolara joateko erabiltzen zituzten bideak aztertu ondoren,ondorio nagusi batera heldu ziren: Ibarratorre kalea estrategikoa zela proiektuaren helburua bere osotasunean betetzeko.

Horregatik, Udalak herritarrek esandakoa aintzat hartu eta Ibarratorre kalerako proiektua diseinatu zuen. Eremu honetan Uxiña erreka ere badagoenez eta erreken zaintza URA agentziaren esku dagoenez, nahiz eta proiektua idatzita izan, agentzia honek onartu arte ezin dira lanak egiteko beharrezko prozesura administratiboak martxan jarri. 2019ko martxoan jaso da bere oniritzia, horregatik orain bilera informatiboa antolatu dugu, obraren zuzendaritzaren ardura duen enpresarekin, interesatuta dagoen edozein informatzeko asmoz. Aurkezpena, apirilaren 5ean, 19:00etan izango da Kultur Etxean.