Albisteak

Dokumentu hau leiho berri batean zabalduko da 

Kross lasterketa berezia antolatu dute datorren ostiralerako, maiatzaren 31rako alegia, Mungian. Krossak “Tabakorik gabeko kirolak, garbi jokatu” leloari jarraitzen dio, Tabakorik Gabeko Munduko Eguna ospatzen baita ostiralean. Hortaz, tabakoaren kontrako kontzientzia pizteko asmoz gauzatzen da ekimen hau. Ekitaldiaren antolatzaileak eskualde osoko udalak (Bakiokoa barne), Gizarte Zerbitzuetako Mungialde Partzuergoko Drogamenpekotasunen Prebentziorako Zerbitzua, Mungia Atletismo Taldea, Kaiku eta Gurutze Gorria dira.

Lasterketa bitan banatuko da; kasu bietan ere irteera eta helmuga Mungiako Matxin Enparantzan izango da. Aurreneko krossa 8 urtera arteko umeek egingo dute eta 18:45ean emango zaio hasiera. Guztira, 600 metroko ibilbidea egin beharko dute. Ondoren, 19:00etan, 9 urterik gorakoak arituko dira, eta horien distantzia 1.600 metrokoa izango da.

Izen-ematea doakoa da. Bakoitzari dagokion zenbakia irteera baino ordubete lehenago banatuko da. Parte hartzen dutenei  freskagarri bana emango zaie helmugara ailegatutakoan. Eta, gutxi balitz, lasterketa biak amaitu ostean oparien zozketa egongo da.