Albisteak

Dokumentu hau leiho berri batean irekiko da 

Aurten ere txistuen doinuek musikaz beteko dituzte Bakioko kaleak.

Datorren ekainaren 1ean, zapatuan, Txistulari Egunaren hamabigarren edizioa ospatuko da. Zenbait herritako txistulari taldeak arituko dira euren musika errepertorioa eskaintzen: Bakio, Bilbao, Bermeo, Mundaka, Mungia eta Portugalete.

Bakioko Kultur Etxeak, Bakioko Musika Elkarteak (Musikale) eta Bakioko Txistulari Taldeak antolatutako ekimena da, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.

XII. Txistulari Egunaren programa ofizialari goizeko 11:30ean emango zaio hasiera, txistulariek Udaletxeko Plazan joko duten Alboradarekin. Bertan talde guztiek joko dute elkarrekin.

Ondoren, 12:00etatik aurrera, txistulari talde bakoitzak bere kalejira propioari ekingo dio Bakioko kaleetatik zehar jendearen gozamenerako. Herriko gunerik gehienak jaialdian inplikatzea da asmoa.

Kalejirak amaitu ostean eta 13:00etan hasita, txistulari eta tronpeta taldeen kontzertuak izango dira zenbait lekutan, berriro ere talde guztien partaidetzarekin: Iru-Biden, Moila Puntan, Sabino Aranan eta Ondarren.