Albisteak

 

Mundu mailako ATP sailkapenerako puntuak ematen dituen “ITF Futures Open Kiroleta - Bakio Udalaren Saria” tenis txapelketa astelehenean, uztailak 1, hasiko da, aldez aurreko fasea jokatuta.

Txapelketa honek 13. denboraldia beteko du Nazioarteko Federazioaren zirkuituaren barruan eta hirugarren urtez jarraian World Tennis Tour-eko ITF Futures ’25.000$’ kategorian egongo da.

Txapelketaren edizio honetan serieko buruen artean Sergio Gutiérrez-Ferrol alacantarra nabarmentzen da, ATPko 241.a eta 2018an Teniseko Errege Koparen irabazlea izandakoa; Bakiora zuzenean dator Wimbledon-eko aldez aurreko fasean kanporatua izan ostean eta Roland Garroseko aldez aurrekoa ere jokatu ondoren. Bakioko txapelketa honetan izandako bigarren partaidetza izango da, iaz finalaren atarian geratu eta gero.

Beste faborito nagusia Roberto Ortega madrildarra da, mundu sailkapeneko 287.a, eta azken bi edizioetan garaipena lortu duena Bakioko pistan. Ortegak ahaleginak egingo ditu hirugarren aldiz jarraian bere izena txapelketako garaileen zerrendan ager dadin, orain arte inork halakorik lortu ez badu ere.

Lehiaketa formatua eta datak

Aldez aurreko fasea uztailaren 1ean eta 2an jokatuko da; 32 tenislari nor baino nor arituko dira azken faserako banatzen diren 8 plazetariko bat lortu nahian. Azken fasea hilaren 2an bertan hasiko da, aldez aurretiko fasean sartuta ez dauden jokalarien partidak jokatuta.

Azken fasean 32 parte-hartzaile izango dira eta aste osoan lehiatu beharko dute final handian lekua eskuratzekotan; finala hurrengo domekan, uztailak 7, izango da 11:30ean, “Alberto Berasategi” pistan. Binakakoen finala aurreko egunean jokatuko da, zapatuan, uztailak 6. Txapelketa fase guztietarako sarrera doakoa izango da

  • Astelehena, uztailak 1: aldez aurreko fasea
  • Martitzena, uztailak 1: aldez aurreko fasearen 2. txanda eta 1. txandako partidak
  • Eguaztena, uztailak 3: 1. txanda
  • Eguena, uztailak 4: final zortzirenak
  • Barikua, uztailak 5: final laurdenak
  • Zapatua, uztailak 6: banakakoen finalerdiak eta binakakoen finala
  • Domeka, uztailak 7: banakakoen finala, 11:30ean