Albisteak

 

Aurreko ekainaren 15ean Bakioko Udalbatza eratu ondoren, atzo, uztailak 11, egin da legegintzaldi honetako lehen bilkura eta bertan, besteak beste, honakoak zehaztu dira: informazio batzordeak, lan bilerak eta gobernu batzordea, alkatearen lanaldi esklusiboa eta ordainsaria, eta bilkuren maiztasuna (hilero, hileko azken ostegunean).

EHBilduren (5) eta BakioBai (2) udal taldeen aldeko botoekin, honela banatu dira karguak:

  • Alkateordea: Irati Abio Muruaga.
  • Bakio Bizi batzordeko arduraduna: Maria Isabel Barturen Lasa.
  • Bakio Eraiki batzordeko arduraduna: Egoitz Abio Arrillaga.
  • Ongizate batzordeko arduraduna: Garbiñe Olealdekoa Orbe.
  • Gainera, BakioBai udal taldeko bi zinegotziek ere esku hartuko duten Gobernu Batzordea eratu da; organo horrek udal ekonomia kudeatzeko erantzukizunak hartuko ditu bere gain eta honako kideak izango ditu:
  • Alkatea: Amets Jauregizar Baraiazarra
  • EHBilduko zinegotzia: Irati Abio Muruaga
  • BakioBaiko zinegotziak: Javier Miguel Alvarado eta Josu Garay Vara.

Batzordearen eginkizunak honakoak izango dira:

  • Zerga ordenantzen eta araudien proiektuak onestea.
  • Aurrekontuen proiektua onestea.
  • 15.000 eurotik gorako gastuak onestea. Gastuen onarpenari zedarria ezarri izanaren helburua da Udalaren ohiko jardunbidea ez mugatzea.
  • Zerga eta tasen erroldak onestea.
  • Dirulaguntzen emakida onestea.
  • Aurrekontuaren gastuen eta betearazpenaren berri ematea.
  • Arlo ekonomikoaren proposamenak aztertzea.

Halaber, alkatearen dedikazio esklusiboa onetsi da eta hari dagokion ordainsaria; hala, 2015ean finkatutako soldatari eutsi zaio, dagozkion egunerapenak eginda. Orotara, soldata 31.814,73 eurokoa izango da.

Gainera, kode etiko bat onartu da eta, horren arabera, zinegotzi guztiek honako konpromiso hauek hartu dituzte beren gain:

A. ALKATEAREN ETA ZINEGOTZIEN LAN JARDUNEKO IRIZPIDEAK

  1. Legezkotasuna hertsiki betetzea kontratazio administratiboaren arloan.
  2. Udal korporazioko kide guztiek datuak babesteko agiria izenpetuko dute.
  3. Organoen eskumenak errespetatzea eta legez ezarritako prozedurak aintzat hartzea.
  4. Udalaren jatorrizko espedienteak ez hartzea eta ez eramatea. Espediente guztiak udal taldeen esku egongo dira eta behar adina kopia atera ahalko dira. Nolanahi ere, jatorrizkoak udal bulegoetan gordeko dira.

B. IRIZPIDE OROKORRAK

Oro har, honako filosofia honen arabera jardungo da:

  • Eginkizunak beteko dira toki erakundearen eskumenekin bat etorriz.
  • Kudeaketa eremuaren peko pertsonak, haien lan efikazia eta asebetetze maila optimizatuz.
  • Agintearen erabilera desegokia saihestea.
  • Zuzendaritzapeko pertsonen ekintza edo omisioen ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak bere gain hartzea oso-osoan.
  • Lanaren planifikazioa eta antolamendua, banaketa eta betetze maila nahiz haren kalitate kontrola aurrera eramatea, efikaziarik handiena helburu.
  • Giza baliabideak zuzentzea eta kudeatzea taldea osatzen duten pertsonekiko komunikazioaren eta prestakuntzaren bidez.
  • Arauak ez betetzea, jardun ez-etikoak edo beharrezkoak ez diren arriskuak ekar ditzaketen usadioak, azturak edo ohiturak ez ahalbidetzea.
  • Karguari datxezkion eginkizunak eta lanak albait ardurarik eta gardentasunik handienarekin betetzea.
  • Karguaren ondorioz lortutako informazio pribilegiatuan oinarritutako operazio edo eragiketarik ez egitea ez norberaren kontura, ezta inguruko pertsonen bidez ere.
  • Jarduketarik ez burutzea, ez norberak ez eta bere inguruko pertsonen bitartez, zinegotziak lotura zuzena edo zeharkakoa duen negozioei edo beste jarduerei edo interesei lotutakorik.
  • Bere eskura jarritako baliabide materialak eta giza baliabideak kudeaketa administratiboaren lanerako baizik ez erabiltzea, erabilera partikularrak edo udal jarduketarenak ez diren erabilerak saihestuz.
  • Kontraturik ez egitea ondasun, eskubide edo bestelako obligazioen gainean, legez ezarritako prozedura kontuan izan gabe.
  • Konfidentzialtasunaren printzipioa errespetatzea.
  • Herritarrei inolako konpentsaziorik, promesik edo atentziorik ez eskaintzea harremanen edo lan pertsonalen ordainetan.