Albisteak

 

Datorren uztailaren 20an Bakioko hondartzak harrera egingo dio Euskal Herriko emakumezko surflarien topaketa garrantzitsu bati, urtean zehar emakumezkoak uretan betetzen ari diren zeregina eta azken denboraldian izan duten kirol bilakaera ikusgai jartzeko. Topaketa honek Euskal Herriko kostaldean surfean aritzen diren adin guztietako emakumezkoak bilduko ditu.

Nazioarteko surf femeninoak berebiziko urratsa egin du 21. mendean. Aurrerapen hori urterik urte sendotzen ari da lehiaketa profesionaletan eta amateurretan. Euskal Herrian taula gainean euren indarra erakusten ari diren emakumezkoen lekukoa hartu nahi dugu; izan ere, emakumezkook gero eta teknika zorrotzagoa dugu eta izen handiko komunikabideetan islatzeko moduko ikuskizuna eskaintzen ari gara planeta osoko hondartzetan.

Euskal Herrian ilusioarekin heldu diogu lekukoari, eta Bakio Surf Taldeak Bakion antolatzen duen topaketak adinen araberako zenbait saio bilduko ditu, surf femeninoaren etengabeko ikuskizuna eskainiz. Egun honi ekiteko, goizeko 10:00etan inskripzioak egiten hasiko gara doan, hondartzan bertan.

Uretan beteko dugun jarduerari laguntzeko, zenbait ekintza antolatu ditugu, esaterako “taulako ukituak” konpontzeko tailerra, argazkilaritza tailerra, surf-art margo tailerra…

Jarduera osagarri gisa “Emakumezko Sortzaileen Topaketan" produktuak erakutsi eta salduko dira, Bentako plazan, itsas pasealekuaren ondoan, goizeko 11etatik aurrera.

Eta amaitzeko, surf filmen saioa, 21:00etatik aurrera Bentako Plazan; azken ekitaldi honetako gonbidatu berezia Ianire Elorriaga izango da.

Bakiok erreferente bihurtu nahi du surf femeninoaren munduan

Bakioko Udalak, Bakio Surf Taldearekin batera, surf femeninoari ikusgaitasuna emateko jardunaldia antolatu du. Ekimen hau zenbait urtetan antolatu den arren, aurten bi erakundeek jauzi kualitatiboa egin nahi izan dute Taui Media-ren laguntzaz, surf femeninoaren erreferente bilakatu nahian.

Surfaz gainera, emakumezkoen sortzaileei ere ikusgaitasuna emango zaie merkatu baten bidez eta, aldi berean, kalitatezko eta tokian tokiko kontsumo arduratsu batek dakarren balio aldaketa sustatzeko asmoa dago.

SURFEM ekimenak, bestalde, surfeko film session-en erreferentea ere izan nahi du, emakumezkoen sorkuntzari beharrezko ahotsa eta lekua emanez. Aurten, karteldegian honako filmak ditugu:

  • Glasy.
  • Paige.
  • A Land Shape by women.
  • Paulownia.

SURFEM sustraitutako ekimena da, orain aurreragoko urratsa egin nahi duena eta, era berean, bakiotarrak erakartzeaz gain, turisten agendako ekimen bihurtu nahi du.