Albisteak

 

Obretan (250.000 eurokoak), besteak beste, kilometro bateko tarte bat egokitu eta naturalizatuko da Doniene baselizara igotzen diren eskaileren ondoan; horretarako, gaur egun bidea estaltzen duen asfaltoa kenduko da, drainatze-sistema hobetuko da eta bideko zeharkako aldapa longitudinala zuzenduko da. Tarte horretan lanean dauden bitartean, Urizarretako ingurutik sartu ahalko da bakarrik.

Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxera Ermutik sartzeko azkenengo kilometroa egokitu eta naturalizatzeko obrak abiaraziko ditu datorren osteguna (irailaren 26an). Lan horien ondorioz, bide hori urteko amaierara arte itxi beharko da. Lanen hasierako aurrekontua 250.000 eurokoa da. Konponketak dirauen bitartean, bisitariek Urizarretako bidea erabili ahalko dute.

Foru erakundeak lan horiek gauzatu nahi ditu Ermu eta Gaztelugatxeko Donieneko baselizaraino igotzen diren eskaileren oinarriaren arteko bidearen tartea oso hondatuta dagoelako, eremu oso ezegonkorrean baitago eta mendi-hegalean irristatzeak gerta daitezke. Bide hori oso ezegonkorra da eta zoru desberdinak dituzten tarteak daude (asfaltoa, hormigoia, harrobiko agregakinak), azken urteetan egin izan diren segidako lan partzialen ondorioz. Hori dela eta, beharrezkoa da tarte hori egokitzea bideari uniformetasuna emango dion, bere estetika eta erabilgarritasuna hobetuko duen eta inguruko balio naturalekin bat etorriko den eta esparrura hurbiltzen diren pertsonei zein biotopo babestu hau zaintzen duten langileen eta mantentze- eta larrialdi-zerbitzuen langileen ibilgailuei segurtasuna eta erosotasuna eskainiko dien irtenbide batekin.

Helburu hori lortzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak hormigoizko arekan gaur egun dagoen asfalto-geruza kenduko du. Lanen fase honetan sortzen diren obra-hondakinak baimendutako kudeatzaile batengana eramango dira, tratatu ditzan.

Era berean, lubeta egonkortuko da eta bideko zelaigunea erregularizatu, berdindu eta errepasatuko da aldapa zuzentzeko; aldi berean, drainatze-sistema hobetuko da (hodiak, kutxatilak eta zeharkako drainatzeak). Agregakin lodien eta lur naturalaren nahasketa homogeneo bat jarriko da. Tarte horren egokitzapena belardiko espezie autoktonoen landaketarekin osatuko da.

Jarduketa hori zuzenean lotuta dago naturagune babestuaren kudeaketarekin eta bere kontserbazio-balioen eta helburuekin.

Tarte horren konponketarekin, gainera, inguru babestu horri erabilera publiko iraunkor bat emateko segurtasun-baldintzak hobetuko dira.