Albisteak

 

MUGIMENT KIROLTXARTELA "txartel birtual" bat da, eta aukera ematen die herri bateko kiroletako udal-zerbitzuetako abonatuei programari atxikitako beste udalerri batzuetako kirol-instalazioetara sartzeko, aparteko kosturik gabe, betiere udal bakoitzak erabilgarri dituen ordutegi eta zerbitzuen arabera.  Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako proiektua da, atxikitako udalerrien lankidetzarekin batera (horien artean egongo da aurten Bakio ere), eta helburu bikoitza du: baliabide publikoen kudeaketa hobetzea eta herritarrentzako kirol-eskaintza handitzea.

Esan bezala, KIROLTXARTELA doakoa da programa honi atxikitako udalerrietako erabiltzaile guztientzat, deskarga-plataforma ohikoenetan dago eskuragarri (iPhone eta Android) bi hizkuntza ofizialetan (euskara eta gaztelania), eta Interneterako konexioa duen gailu mugikor bat baino ez da behar MUGIMENT KIROLTXARTELAren aplikazioa instalatzeko. Erabiltzaileak aplikazioan erregistratzen direnean, haien datu pertsonalez gain, adierazi behar dute zein kirol-zerbitzutako abonatuak diren.

Orain arte MUGIMENT KIROLTXARTELA programari atxikitako udalerriak honako hauek dira: Portugalete, Santurtzi, Ortuella, Trapagaran, Zierbena, Abanto-Zierbena, Sestao, Barakaldo, Muskiz, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Ezkoriatza eta Oñati; horiei aurten, besteak beste, Bakio gehituko zaie.