Albisteak

Leiho berri batean irekiko da 

Oso gutxi falta da arausteak hasteko eta Bakiok ere jai programa zabala atondu du. Agenda honen ezinbesteko osagaiak alaitasuna, kirola, musika eta tradizioa izango dira eta guzti-guztiok irudimena behartu beharko dugu, mozorro original eta dibertigarriak prestatu ahal izateko.

Aurtengo egitaraua otsailaren 16an, domekan, hasiko da, Berbalagunen taldeak eta Sasiarte mendi elkarteak antolatutako Basatoste martxarekin; Bakioko bazterrak ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen digun ibilaldi honek batera bilduko ditu gure hizkuntzan jarduteko abagunea, aisialdia eta, batez ere, oso giro ona; hori guztia goizeko 11:30etik aurrera.

Otsailaren 21ean, barikua, Udalak umeentzako diskofesta eta tailerrak antolatu ditu probalekuan 17:30etik aurrera, Guraso Elkartearen laguntzaz. Egun berean, 18:00etatik 20:00etara, Musikalek kantu tailer interesgarria eskainiko du Ibarretan, 16 urtetik gorako gazteei zuzenduta.

Txakolinguneak ere bat egin du jai eta ospakizun hauekin eta otsailaren 24an, astelehena, 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzako tailerra prestatu du bere instalazioetan, 11:30ean hasita.

Azkenik, otsailaren 29an, zapatua, Itxas-Alde dantza taldeak “Aratustea Dantzan!” kalejira ikusgarria egingo du frontoitik moila puntaraino, arratsaldeko 6etan. Eta amaitzeko, ilundi horretan bertan, Moila Puntako tabernariek ekitaldirik biziena eskainiko digute, mozorroez eta dibertsioaz beteko den gaua, alegia.

Egitaraua (PDF 235KB)

 
  • Aratusteak kartela (JPG 144KB)
  • Inauteriak kartela (JPG 264KB)