Albisteak

 

2020ko martxoaren 3tik aurrera, Bakioko Udaletik hiru Foro jarriko ditugu martxan Etxebizitza, Turismo eta Energia gaien inguruan eztabaidatzeko, Bakio 2030: Ikuspegi Estrategikoa prozesuaren II Fasearen baitan.

2016an hasi genuen prozesu hori hausnarketa, azterketa eta eztabaida fase batekin, eta bakiotar ugarik hartu zenuten parte bertan. Emaitzak Bakio 2030 Ikuspegi Estrategikoa ekarri zuen. Bertan adostutako helburu eta irizpide horiek Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren idazketa gidatuko dute, eta jada Bakioko udal politikan dute eragina.

Orain, fase berri bat abiatu dugu aipatutako alorren inguruan Bakiok herri bezala hautatuko duen bidea definitzeko. Martxoa eta apirila bitartean garatuko da, eta apirilaren 25ean egingo den II. Konferentzia Estrategikoak emango dio amaiera. Konferentzia irekia izango da, eta bakiotar guztiek izango duzue Etxebizitza, Turismo eta Energia arloetako ikuspegi estrategikoaren definizioan parte hartzeko aukera.

Aurkezten diren Foro bakoitzak topaketa bi izango ditu; horietan Bakioko II Konferentzia Estrategikoari begirako aurre lanketa bat egingo da. Konferentzia horretan, bakiotar guztien hitzarekin amaituko da foroetan hasitako lanketa. Garrantzitsua da aurre lanketa hori gai horietan adituak, arituak edo interesdunak diren bakiotarrekin batera egitea; hori dela-eta, talde horien eraketari ekin zaio.

II. Konferentzia Estrategikoaren aurretik egingo diren foro horien gainean jakinarazi nahi zaituztegu, eta landuko diren gaien inguruko ezagutzengatik, inplikazio mailagatik edo interesagatik parte hartu nahi duten pertsonak animatu.

Izena 688 874 109 telefonoa edo partehartubakio@bizkaia.org helbidea erabiliz eman daiteke, eta otsailaren 28a izango da azken eguna.

Kartela (PDF 351KB)

Kronologia (PDF 118KB)