Albisteak

 

Urtero bezala, Bakiok harrera ezin hobea eskainiko die San Joseei eta jaion alde egingo du topa, azkeneko uztako txakolinek lagunduta. Herriko txakolin ekoizleak berriro ere izango dira protagonista nagusiak martxoaren 19an; izan ere, eguenean, San Jose egunean, gure ardo aparta honen uzta berria aurkezteko ekitaldi nagusia egingo da, bai eta aurkezpenari lotutako ohiko nekazaritza azoka ere. Azokaren aurkezpenera bertaratutakoek aukera bikaina izango dute herriko lau upeldegietako txakolinak, 2019ko uztakoak, dastatzeko.

Hala, esan bezala, martxoaren 19an, San Jose egunean, ospatuko da uzta berriaren inguruko egun handia. Jardunaldia 10:30ean hasiko da, Zubiaurrealdeko karpan nekazaritza-azoka abian jarrita. Bertan, herrialdeko produktu tipikoak erosi ahal izango dira, hala nola gaztak, pateak, kontserbak, eztia, barazkiak, hestebeteak… poneyetan paseatu edo txakolinaz egindako sukalki pintxoak dastatu. Geroago, 13:00etan, uzta berria aurkeztuko da, aurpegi ezagun batek beti babesten duen ekitaldian. Aurten Aiora Errenteria Zea Mays talde ezagunaren abeslari eta ahots handiak jaso du ohore hori. Ekitaldiak eguerditik aurrera ere luzatuko dira eta, adibidez, 14:30ean herri bazkaria izango da, Gure Etxeak antolatuta.

Hurrengo egunean eta asteburuan, jai programako jarduerek aurrera egingo dute; izan ere, barikuan, kiroldegian Alaitasuna Pilota Taldearen 24 orduko pala finalak eta Kultur Etxean Zinegoak Jaialdiaren film laburren proiekzioa egiteaz gain, zapatuan hainbat ekintza antolatu dira: indoor zikloko ibilbide solidario birtuala kiroldegian, txakolin dastaketa Txakolinaren Museoan eta haurrentzako herri kirolak nahiz kirol honen erakustaldia kiroldegian. Era berean, domekan tour enoturistiko interesgarria programatu da 10:00etan, egin-eginean ere Txakolingunea, udalerria eta upeldegietako bat ezagutzeko eta pintxoak eta txakolina dastatzeko aukera emango duena; eta, arratsaldean, Txakolingunean "Bertan kasu egin edo banoa" antzezlan interesgarria programatu da 18:00etan.

Halaber, hilaren 16, 18 eta 19an idi proba tradizionalak izango dira, lehenengo bi saioak 21:00etan eta azken egunekoa 18:00etan.

Egitaraua (PDF 564KB)

Idi probak (PDF 73KB)