Albisteak

 

Alarma egoera dekretatu zenetik, asteburu hau izan da baldintzak malgutu diren lehenengoa. Maiatzaren 4tik aurrera arintze prozesuaren lehenengo fasean sartu gara eta kontuan izan behar dugu bizitza normalizatuagoa disfrutatu ahal izateko, garrantzitsua dela arduraz jokatu eta arauak errespetatzea. Aurrera egiteko, birusaren zabalpena ekidin behar dugu.

Lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuegu, uste baitugu oro har eredugarria izaten ari dela bakiotarron jarrera. Gogoratu garrantzitsua dela arduraz jokatzea, ez gaitezen erlaxatu.

Bigarrenik, komunikatu nahi dugu, nahiz eta, esan dugun bezala, oro har bakiotarrok zentzuz jokatu, badaudela ekidin beharreko jarrera batzuk ere. Fase honetan ezinbestekoa da arauak errespetatzea, denon artean birusaren zabalpena murriztu dezagun; baina asteburu honetan, bai skateparkean bai frontoian arau hauste argiak egon direnez, pena handiz erabaki dugu denon segurtasunagatik eremu hauek ixtea.

Gogoratu nahi dizuegu arduraz jokatu behar dugula; herritar asko gaixotzen ari da, batzuk osatu dira baina beste batzuk hil ere egin dira eta egingo dira. Mesedez, osasun-alerta baten aurrean gaude, zain dezagun komunitatea eta babestu gaitezen.

Ezarritako debekuak betetzen ez dituenari isunak jarriko zaizkio.