Albisteak

 

Udalak positibotzat jo du Udaltzaingoak Bakioko hondartzan egindako lana, zapatuan hondartzaren izaera dinamikoa dekretatu ondoren, betiere Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako irizpideei erantzunez. Jendetzak saihestea lortu da, eta herritar gehienek erantzun positiboa eman diete udalen gomendioei.

Aurreko astean Euskal Autonomia Erkidegoko hareatzetan gertatutakoa ikusita, Bakioko Udalak hondartzaren erabilera antolatzeko neurriak hartu behar izan ditu asteburu honetan; izan ere, aurreko astean ikusitako irudiek erakusten dute, zoritxarrez, jende askok ez duela ulertu zein garrantzizkoa den arauak betetzea eta pilaketak saihestea. Sentitzen dugu udan nahiz neguan berton bizi den komunitateak hondartzaren erabilera mugatuta ikusi behar izatea, baina ez dugu beste aukerarik izan. Ezin dugu eskuoihal bakoitzean udaltzain bat jarri hondartzako erabiltzaileen jarrera kontrolatzeko, eta udan eguraldi oneko egun ugari izango ditugunez, gure hondartzara gero eta jende gehiago hurreratzea aurreikusten dugu.

Helburu hori kontuan hartuta, maiatzaren 29an, zapatuan, dekretu bat sinatu genuen gure hareatza hondartza dinamiko gisa definituz eta bertako jarduera murriztuz. Ekainaren 15etik aurrera, hau da, udako denboraldia hasten den egunetik aurrera, errealitatea apur bat desberdina izango da, baina ordura arte arau hauei jarraitu beharko diegu:

  • Ibilaldiak eta txonboak baimenduko dira. Hala ere, kontuan hartzekoa da ez dagoela soroslerik eta itsasoan arrisku-egoerak saihestu behar direla.
  • Surfa edo uretako beste kirol indibidual batzuk egin daitezke.
  • Umeek olgetan egin ahalko dute hondarrean.
  • Debekatuta dago eguzkitan egotea modu estatikoan.
  • Pertsonen artean 2 metroko distantziari eutsi behar zaio.
  • Segurtasun-distantziari ezin bazaio eutsi, maskarak nahitaezkoak izango dira.

Kontuan izan behar dugu neurri horien helburua geure burua eta pertsonarik ahulenak babestea eta jagotea dela; kasu honetan, gure lagunak, amama, aitite, aita, ama, ezagunak… Beraz, erantzukizun indibidualaz jokatzeko eskatzen dizuegu.

Zapatuan eta domekan egoera kontrolatzea lortu da, baina egoerak hala eskatzen badu, ez da inola ere baztertzen neurri zorrotzagoak hartzea.

Guztion laguntza behar dugu birusa arrastoan sartzeko eta kontrolpean izateko.

Bakio bizitza da! Jagon zeure burua, jagon zeure ingurua!