Albisteak

 

Astelehenean hasiko da 2020ko hondartza denboraldia. Hondartzako denboraldi hau testuinguru zail batean ireki da, osasun-krisi baten erdian, eta, beraz, saihestu egin behar dugu pertsonen pilaketak birusaren hedapen-fokuetako bat izatea. Hori dela eta, zenbait neurri ezarri behar dira hondartza modu mailakatuan eta txandaka erabili ahal izateko, hondartza segurua izan dadin eta, pertsona guztien borondate eta elkartasunarekin, herritar guztiek hondartzaz gozatzeko aukera izan dezaten. Bakioko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako neurri horien guztien helburua da birusaren hedapena saihestea eta gaixotasuna izateko arrisku handiena duten pertsonak babestea.

Bakioko Udalak, hondartzan neurri aplikagarrien dekalogo bat zehazteaz gain, aparkalekuen eta hondartzaren inguruaren zaintza indartuko du, eta langile gehiago kontratatuko ditu hondartzaren inguruan bisitarien etorrera segurua eta ordenatua izan dadin.

Hondartzan arriskuak detektatzeko plan higieniko-sanitario bat eta birusaren hedapena saihesteko kontingentzia-plan bat prestatzeaz gain, Bakioko Udalak mahai bat sortu du herriko agente aktiboekin, gure hareatzan aplikatu beharreko neurriak kontrastatzeko eta adosteko. Talde hori denboraldi osoan egongo da aktibo, neurriak baloratzeko eta errealitatera egokitzeko.

Lantalde honek hondartza eta ingurua garbi mantentzeko deia ere egin nahi du, azken asteotan kezka handiz ikusi baitugu hondakinen gorakada. Hori dela eta, mezuak eta jakinarazpenak sarriago kaleratuko dira, herritarrek arduraz jokatu eta hondartzan inolako hondakinik utz ez dezaten.

Hauek dira hondartzako denboraldirako hartutako neurriak:

  1. Hondartza irekitzeko ordutegia beste urte batzuetakoa izango da: 11:00etatik 20:00etara. Ordutegi horren barruan salbamendu, sorospen eta hondartzain zerbitzua egongo da hareatzan.
  2. Hondartzan bi gune zehaztuko dira pertsona kalteberentzat. Erabiltzaileek eremu horiek errespetatzea gomendatzen da, kalteberenak hondartzara segurtasun handiagoz joan daitezen.
  3. Hondartzako ordutegian (11:00etatik 20:00etara), hareatzara joaten diren pertsonek gomendatzen den segurtasun-tartea mantendu beharko dute, bai hondarrena, bai uretan. Taldean joanez gero, distantzia ratio horrekiko proportzionala izango da. Segurtasun-distantzia mantendu ezin den kasuetan, maskara nahitaezkoa izango da.
  4. Higiene-neurri egokiak mantentzea gomendatzen zaie herritarrei.
  5. Hondartzan jolastu ahalko da, baldin eta pilota-jokoak edo talde-jokoak ez badira.
  6. Ezin da koltxonetarik edo antzeko elementurik erabili. Eguzkitakoak erabil daitezke. Behar dutenek harearako aulkiak eraman ahal izango dituzte.
  7. Bizkaiko Foru Aldundiak kontratatutako hondartzainek hondartzako segurtasun- eta edukiera-distantzien mantentze-lanak kontrolatuko dituzte , eta salbamendu- eta sorospen-zerbitzuko langileekin batera joango dira informazio horren berri ematera Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean eta Bizkaiup app-an, semaforo-teknika baten bidez. Prozedura honetan datza:
    • Panpina BERDE 1: ez dago edukiera-arazorik
    • 2 panpina AMBAR: hondartzaren edukiera, arreta-mailan dago
    • 3 panpin GORRI: hondartzaren edukiera beteta dago
  8. Pertsonen erantzukizuna eta elkartasuna eskatzen da, Osasun Sailaren gomendioei jarraituz, egunean gehienez ere 3 orduko egonaldia gaindi ez dezaten hareatzan, betiere txandakatze horri esker pertsona gehiagok joateko aukera izateko.
  9. Bakioko Udalak hondartzako sarrerak eta irteerak markatuko ditu, modu ordenatuan egiteko eta pilaketak saihesteko.
  10. Ez da dutxa-zerbitzurik egongo.
  11. Komunak hondartzaren erdialdean mantenduko dira, eta beharrezko higiene-neurri guztiak aplikatuko dira. Bi ordutik behin garbitu eta desinfektatuko dira.
  12. Igande eta jaiegunetan hondartza dinamikoa izango da; beraz, paseatu eta bainatu baino ezin izango da egin, eta eguzkia estatikoki hartzea saihestuko da.

Kartela (PDF 156KB)