Albisteak

 

Koronabirusak eragindako osasun-egoera berezia dela eta, Bakioko Udalak, beste herriko eragile batzuekin horrela adostuta, bertan behera utziko du urtero ospatzen den San Joan bezperako sua. Era berean, Udalak eta Jai Batzordeak elkarlanean prestatzen dituzten udako San Joan Doloz jaiak ere, segurtasunagatik ez ospatzea erabaki dute.

Egoerak hala behartuta eta indarrean dauden osasun- eta segurtasun- neurriek aukerarik ematen ez dutenez, udan zehar izaten diren ohiko bestelako ekitaldi batzuk ere ez ditugu aurrera eramango. Hala ere, Bakioko Udalak uda kulturaz janzteko ahaleginak egiten jarraituko du, betiere eremu kontrolatuetan, jende pilaketak saihestuz eta osasun- eta segurtasun-neurriak behar bezala betez eta betearaziz. Hori dela eta, uztaileroko Musika Astea aurrera eramatea erabaki du, baita udaroko zinea kalean eta bestelako formatu txikiko ikuskizun eta ekitaldi desberdinak ere. Udako agenda kulturalaren berri ohiko komunikazio-kanalen bitartez emango da.

Bakioko Udalak, berriro ere, herritarrek erantzukizunez joka dezatela eta segurtasun-neurriak bete ditzatela eskatu nahi du, pandemia honen hedapena gelditzea denon ardura baita.