Albisteak

 

Bakioko Udalak mahai bat sortu zuen herriko hainbat eragilerekin, udan hondartzaren kudeaketari buruzko erabakiak hartzeko. Bildutako eragile guztiok kezka agertu genuen, bai hareatzan bai haren inguruetan, hondakin gehiago sortzen ari zirelako.

Arazo hori ikusita, surf arloko eragileek pertsona boluntarioen lantalde berde bat sortzeko proposamena egin zuten, bisitariei honakoak jakinarazteko: zein den hondakinen kudeaketa indibidual txarraren arriskua, zer-nolako garrantzia duen lurraldea jagoteak eta zein kaltebera den ingurune naturala. Zeregin hori aurrera eramateko, boluntarioak behar dira, eta horiek izena eman ahal izango dute ekimen honetan aktiboki esku hartzeko, posta elektronikoz (udala@bakio.org) edo telefonoz deituta (94 619 40 01).

Lantalde berde horren sorrera da Udalak hondakinen kudeaketa hobetzeko eta herritarrak gai honetan erantzunkide egiteko hartzen diharduen erabakietariko bat. Azken batean, hondakinen udal-kudeaketaren helburu nagusia da sortutako hondakinen kopurua murriztea, bai udalerri bertan, bai herritarren artean. Eta bigarren helburua da murriztu ezin den hondakin hori guztia jatorrian bereiztea, kudeaketa hobetzeko. Horretarako, gune guztiak era guztietako edukiontziak jarrita hornitu nahi ditugu: organiko-, plastiko-, beira- eta kartoi-edukiontziak jarrita. Leku gehienetan aldaketarik izango ez den arren, auzo batzuetan edukiontzi guztiak birkokatuko dira inguruko eremuetan, ezarritako helburuak lortzeko.

Neurri horiez gain, normaltasun berriak gure kaleak maskara berrerabilgarriz bete ez ditzan, ekaineko osoko bilkuran erabaki zen 500 euroko isuna jartzea maskara kalera botatzen dutenei.