San Ignazio egunaren atarian gaude. Bakioko jai ofiziala ez den arren, bezperan koadrila asko elkartzen dira afaltzeko eta herria gau horretako parrandaz gozatzera datozen bisitariz betetzen da.
Bizi dugun osasun-alertaren ondorioz, Udalak ezohiko neurriak proposatu behar izan ditu kutsatze-fokuak eta birusaren hedapena saihesteko. Hori dela eta, uztailaren 21ean egindako bileran, Udalak eta Bakioko ostalaritza sektoreak erabaki zuten euren establezimenduetako barrak ixtea gau horretako 12:00etan, eta terrazak goizaldeko 01:00ean.
Beste herri eta auzo batzuetan ikusten ari garen bezala, COVID-19aren berragerpena bereziki larria izaten ari da gaueko aisialdian sortutako egoeretan; beraz, herritar guztiei eskatzen diegu denongan pentsatzeko eta gure herrian birusa kontrolpean mantentzen laguntzeko. Ez ditzagun arriskuan jar geure osasuna, ongizatea eta bizi-kalitatea, eta ez dezagun geure herriko ostalaritza jar murrizketa gehiagoren aurrean.
Eskerrik asko zuen laguntzagatik.