Albisteak

 

Bakioko eskolan matrikulazioak gora ari dira azken urteotan, eta ondorioz, eskola txiki geratzen ari da. Zehazki, 2020-2021 ikasturterako eskolak gela bat gehiago behar du. Kalitatezko hezkuntza-azpiegitura publikoak mantentzeko asmoz, Udalak 2020-2021 ikasturtea planifikatzeko lanei ekin die, eta uda honetan zehar Hezkuntzarako bigarren gune bat prestatzeko eta, horrela, irakaskuntza-espazioaren beharrizana betetzeko lanak egiten dihardu.

Duela bi urte, liburutegia jarrita zegoen gela laga zen erabilera horretarako, eta oraingoan bideogela baliatuko da. Erabaki horren ondorioz, Udalak Kultur Etxearen eta Udalaren lokalak berregituratu behar izan ditu, eta osoko bilkuren aretoa erabilera anitzeko gune bihurtu, bideogelaren funtzioak ere betetzeko. Birmoldaketa-lan guztiak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatuko ditu.

Gure ikasleei harrera egiteko etengabe ditugun espazio-premia horiek argi erakusten dute Urkitza handitzea aldarrikapen bat izatetik premiazko beharrizana izatera igaro dela. Iaz iragarri genuen Hezkuntza Sailak hurrengo 5 urteetan egin beharreko obren planean sartu zituela etorkizuneko zabaltze- eta handitze-lanak, eta laster lizitatuko zela handitze-proiektuaren idazketa. Lizitazio horrek atzerapenak izan ditu COVID-19aren pandemiaren ondorioz.