Albisteak

 

Abuztuaren 26an, Eudel-Udalen Elkarteak gutun bat bidali zion Bakioko Udalari, honela zioena:

"…2020-2021 ikasturtea laster hasiko denez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lankidetza eskatzen die udalei, ikasturtea behar bezala garatzeko. Ildo horretan, lankidetza eskatzen da haurren eta nerabeen eskolatze presentziala bermatuko duten udal-espazio publikoak identifikatzeko, ikasleak birkokatu behar diren kasuetan, eskatutako osasun-baldintzak betetzeko”.

Eskaera horren aurrean, Bakioko Udalak udal kiroldegia jarri du Hezkuntzaren esku. Kiroldegia aurretik ere eskaini zaie ikastetxeko zuzendaritzari eta eskola-komunitateari. Horretarako, baloratu da kirol instalazioak aukerarik onena direla kurtso edo zikloren bat eskolatik kanpo lekualdatu behar izanez gero; izan ere, kiroldegiaren balioaniztasunak eta tamainak nahiz eskaintzen duen zerbitzuak berak eta inguruak, berdegunez inguratuta, hezkuntza-erabilera errazten dute.

Badakigu eraikin publikoak ditugula eskolatik hurbilago, baina eraikin horiek ez daude prestatuta edo ez dira nahikoak gela bihurtzeko, eta, gainera, oztopatu egingo litzateke herritarrentzat garrantzitsuak diren beste jarduera batzuen funtzionamendua. Kultur Etxearen kasuan, gainera, gaur egun eskolak badauzka bi gela eskolaren espazio-beharrizanak betetzeko, eta, beraz, ez dauka lokal gehiago erabilgarri.