Albisteak

 

Aurrera darrai Urkitza eskola handitzeko proiektuak. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko argitaratu du eskola handitzeko obrak gauzatzeko eta zuzentzeko proiektua idazteko lizitazio-lehiaketa. Gutxi gorabehera 300.000 euroko balioa izango du (BEZa barne).

Proiektuaren dokumentazioan adierazten den legez, Urkitza ikastetxeak bere hezkuntza-azpiegituraren gaitasuna handitu beharra dauka, azken urteotan Bakioko biztanleriak izandako hazkundearen ondorioz.

Asmoa da egungo eraikina handitzea, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 2 lerro osoko zentro bat lortzeko, hau da, 20 unitate (Haur Hezkuntzako 8 unitate eta Lehen Hezkuntzako 12 unitate).

Handitze-lana ahalbidetzeko, jantokiaren bolumena eraistea proposatzen da, eta handitze-lana jantokiak hartzen duen eremuan kokatzea. Nolanahi ere, dokumentuak beren-beregi adierazten du arreta berezia jarriko dela patioa ahalik eta gutxien okupatzeko, edo, okupatuz gero, bertako eremuen arteko erlazio eta konexiorik egokiena bermatzeko.

Era berean, jarduketaren bidez, ahalik eta gehien mugatuko da lehendik dagoen eraikina berritzeko obra, eta kontuan hartuko da obra horiek ikastetxearen funtzionamenduan duten eragina, lanak egin bitartean erabiliko baita.

Informazio gehiago, esteka honetan.