Albisteak

 

Kaixo:

2020 urte berezi honetan ere badator Euskaraldia! Berezia izango da, bizi dugun osasun-egoera dela-eta, baina izango da, zalantza barik!

Aurreko edizioan, 2018. urtean 425 pertsonak eman genuen izena Bakion, hau da, herriko 16 urtetik gorakoen %19,17ak. Oso kopuru ona, harro egoteko modukoa!

Baina hori hasiera baino ez zen izan, hamaika egun horietan egindakoari jarraipena eman geniolako, ohitura bihurtuz euskaraz bizitzea. Adibide moduan, horra hor urte osoan ari diren gero eta berbalagun eta gurasolagun talde gehiago.

2020ko edizio honetan jende pilaketak saihestu behar ditugu; horregatik garrantzi gehiago du harreman pertsonaletan eta egunerokoetan zaintzea euskararen presentzia; aurtengoan gainera entitate/enpresek ere har dezakete parte. Beraz, anima zaitez eta eman izena 15 egun iraungo duen hizkuntza ohiturak eta inertziak aldatzeko ariketa honetan:

  • Partikularrak: ahobizi edo belarriprest izateko. Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko prest bazaude uneoro eta elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten badiozu kideek ulertzen dutenean, ahobizi izan zaitezke. Bestalde, zure gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen baduzu euskaraz noiz eta norekin egin baina euskara dakitenek zuri uneoro euskaraz hitz egitea nahi baduzu, izan zaitez belarriprest.
  • Entitateak: ariguneak izateko. Euskaraz aritzeko guneak dira, eta mota guztietako entitateak izan ahal dira: erakundeak, enpresak, kultur eta kirol elkarteak… Nahikoa da euskaraz hitz egiteko aukera izatea uneoro, entitate barruan zein herritarrekiko harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi edo belarriprest modura arituko dira euren artean (Barne arigunea) zein herritarrekin edo beste entitateekin (Kanpo arigunea).

Informazio gehiagorako eta izena emateko sartu hemen: https://izenematea.euskaraldia.eus/

Adierazpena (PDF 406KB)