Albisteak

 

Martxoaren 14an, COVID-19ak sortutako pandemiari aurre egiteko asmoz etxean sartu ginen.  Hainbat aste etxean egin ostean, kalera irteten eta bizimodu normala berreskuratzen hasi ginen maiatzean. Egoera berri honek hainbat arazo sortu ditu, batez ere herriko nagusiengan. Beldurrak ere hor dirau, pandemiak berriro ere datu kezkagarriak ematen dituelako. Horregatik guztiagatik, Bakioko komunitateak erronka bat du aurrez aurre: bizitzak erdigunean jarri eta inor atzean ez uztea.

Etxean geundenean, herritar kalteberentzako laguntza-sarea martxan jarri genuen, etxean bakarrik bizi ziren nagusiei lagundu eta erosketak edo bestelako tramiteak egiteko laguntza emateko. Bizi dugun egoera honen balorazioa egin ondoren, konturatu gara laguntza sare hau ezinbestekoa dela herriko nagusiei eta zailtasunak dituzten herritar guztiei bizitza aktibora bueltatzean laguntzeko; izan ere, “normaltasun berri” honek beharrizan berriak ekarri ditu, eta aurrera egin nahi badugu ezinbestekoa da horiei konponbidea ematea.

Beraz, Udalak "Zaintza Sarean" parte hartzeko eta izena emateko epea ezarri nahi du azaroaren 15era arte;  horretarako, e-mail idatzi beharko da udala@bakio.org helbidera edo 94 6194 001 telefonora deitu, betiere baldintza hauek betetzen badira:

Helburuak:

  • Bizi dugun egoera berri honek sortu dituen beharrizan berriak identifikatzea eta beharrezko laguntza/argibideak ematea.
  • Bakio Mugi proiektuarekin koordinazioan ekintza desberdinen berri ematea.
  • Zerbitzu/egitarau/ekitaldien berri ematea.
  • Kexka/iradokizun desberdinak jasotzea eta bideratzea.

Nola funtzionatuko du?

  • Bakioko Udala 65 urte baino gehiagoko herritarrekin edota zaurgarriak izan daitezkeen gazteagoekin kontaktuan jarriko da eta laguntza-sarearen berri emango zaio.
  • Zerbitzuarekin bat egiten duen eta laguntza sarearen deiak jaso nahi dituen galdetuko zaio.
  • Baietza ematen duten herritarrekin zerrenda egingo da eta laguntza-sareko kideen artean banatuko dira kontaktuak deiak egiteko.
  • Ezezkoa ematen dutenak ez dira laguntza-sarearen zerbitzupean sartuko, baina udalak jarraipena egingo die.

Sarean lagunduko duen herritar bakoitzak kontaktu zehatz batzuk izango ditu eta aldiro deitu beharko ditu. Beraien egoera pertsonalaz galdetzeaz gain, udalak hiru asterik behin duen informazioa azaldu beharko die (tramiteak, BakioMugi, ekitaldi kulturalak, zerbitzuak, ordutegiak…).

Laguntza sarea ez dago bideratuta erosketak egiteko, edo bestelako errekaduak egiteko. Laguntzaileek horrelako beharrizanak identifikatzen badituzte udalarekin harremanetan jarri beharko dira.

Zaintza Sarean laguntzeko baldintzak:

  • Euskaraz eta gaztelaniaz jakitea.
  • 16 urte baino gehiago izatea.
  • Telefonoa izatea.

Informazioa (PDF 839KB)