Albisteak

 

Eskaerak azarotik 2021eko uztailaren 31ra bitartean izapidetuko dira. Jarduerak eraikin osoan egin beharko dira diruz lagundu ahal izateko, eta jarduera guztien kostuaren % 35eraino lagunduko da, eta % 15eraino argiztapena hobetzeko. Kostu hautagarriaren % 85erainoko laguntza-ehuneko handiagoa jaso ahal izango dute, baldin eta aldi berean hainbat jarduketa burutzen badira.

Energiaren Euskal Erakundeak kudeatuko ditu eraikinen energia-berrikuntza ahalbidetuko duten laguntzak, 11,3 milioi euroko zuzkidurari esker, inguratzaile termikoa hobetzeko, ohiko energia-sistemak berriztagarriekin ordezteko eta argiztapen eraginkorra lortzeko. Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dute dagoeneko, eta eskaerak aurkezteko epea 2021eko uztailaren 31ra arte egongo da zabalik.

Eraikinen Energia Birgaitzeko Programa lehendik dauden eraikinen jasangarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzera bideratuta dago, eta zuzeneko laguntzak ematea aurreikusten du EAEn kokatutako eta 2007. urtea baino lehen eraikitako eraikin osoetan egiten diren jarduketetarako.

Laguntza horietarako ezarritako indarraldia 2021eko uztailaren 31ra arte luzatuko da. Laguntza hori emateko ebazpena positiboa denean, 18 hilabete izango dira birgaitze-proiektua gauzatzeko.

Onuradun potentzialak

Laguntzen hartzaileak honako hauek izan daitezke, besteak beste: lehendik dauden eraikinen jabe diren pertsona fisikoak edo juridikoak, jabeen erkidegoak, enpresa ustiatzaileak, errentariak edo eraikinen emakidadunak, eta beste erakunde batzuk, hala nola energia-zerbitzuen enpresak eta toki-erakundeak.

Edozelan ere, jarduketak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako eraikin osoetan egin beharko dira (komunitateak zein familia bakarreko etxebizitzak), eta ez banakako apartamentu edo bizitokietan.

Informazio gehiago Energiaren Euskal Erakundearen webgunean (EVE): https://www.eve.eus/Programa-de-ayudas/2020/Rehabilitacion-energetica-en-edificios-existentes?lang=eu-es