Albisteak

 

Plan horren xedea da berdintasuna sustatzen eta lantzen duten politika publikoen garapena bermatzea. Berdintasuna zeharkakoa dela kontuan hartuz, udal planak udalerriko emakumezkoen gaur egungo egoera ikuskatu eta, zenbait gizarte kolektiborekin batera, egoera horri itzuri egiteko ekintzak ezarri ditu.

Bakiok berdintasun teknikaririk ez duenez gero, udal gobernuarentzat estrategikoa izan da ibilbide orri hau prestatzea, betiere Bakion gizonezko eta emakumezkoen arteko desberdintasunak betikotzen dituzten gizarte jarrerak eta portaerak identifikatzeko, genero ikuspegi eraikitzaile batetik abiatuta. Berdintasun plan hau izan gabe, nekeza izango litzateke pertsonen arteko berdintasunaren gaiari heltzea eta arlo hau jorratzea eta lantzea.

Plana berdintasun arloan indarrean dagoen legeria eta nazioarteko gomendioak kontuan hartuz garatu da. Egiturak betetzen du Emakundek argitaratutako toki planak prestatzeko gida. Plana prestatzeko prozedurak oinarri hartu du prozesu parte-hartzaile batean, eta ibilbide horretan azterketa dokumentalaz gain, zenbait lansaio egin dira gizarte agenteekin (emakumezkoen mugimendua, elkarteak, ikastetxea, ekonomia eta merkataritza sarea eta udal pertsonala), Bakion giltzarriak diren eragileen ikuskerak eta errealitateak ulertzen eta jasotzen dituen plana eraikin nahian.

Plana lau ardatzetan egituratzen da:

  1. Emakumezko eta gizonezkoen berdintasunaren aldeko gobernu egokia.
  2. Emakumezkoen ahalduntze politiko eta soziala eta balioen aldaketa.
  3. Bizitzaren iraunkortasuna bermatzeko gizarte antolakuntzaren eraldaketa.
  4. Indarkeriarik gabeko bizitzak.

Lehendabiziko ardatza erabili izana berrikuntza gisa nabarmendu behar da. Gobernu egokiak helburutzat dauka genero ikuspegia gardentasunean, herritarren partaidetzan, ikertzeko premian, administrazioen arteko lankidetzan eta politika publikoen ebaluazioaren praktikan (horiek hobetzeko eta helburuak lortze aldera birbideratzeko) jasotzen duen kultura baten bidez kudeatzea.

Azkenik, zehaztu beharra dago balioen aldaketa sustatzeko aurreneko berdintasun planaren printzipio gidariak honakoak direla:

  • Teoria eta praxi feminista, gizonezko eta emakumezkoen arteko desberdintasuna ulertzeko oinarri gisa.
  • Generoaren zeharkakotasuna, generoari buruzko gai guztiak politika eta programa publiko guztietan ager daitezen.
  • Emakumezkoen ahalduntzea, maskulinitate hegemonikoak desagerrarazteko helburuarekin.
  • Etengabeko lan prozesuak eta herritarren partaidetza eta inplikazioa, erabakiak hartzerakoan eragina izateko.

Plan honen bidez, Bakioko Udalak sistema patriarkalak sorrarazitako desberdintasunei aurre egiteko oinarriak ezarri nahi ditu.

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Udal Plana (PDF 403KB)