Albisteak

 
Datorren eguenean, apirilaren 11n, Korrika Bakiora ailegatuko da Mungiatik. Iritsi aurretik eta euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekimen garrantzitsu hau ospatu nahian, Bakioko elkarteek eta udalak, AEKrekin batera, zenbait ekintza antolatu dituzte, ongietorria emateko.
Goizez, Urkitza eskolako ikasleen txanda izango da. Korrika Txikia egingo dute, Bentako plazatik abiatuta eta eskolara heltzean, hamaiketako osauntsu bat dastatzeko aukera ezin hobea izango dute.
Arratsaldez, 17:00etatik aurrera,  familia osoarentzako “Jule” ikuskizuna egongo da eta jarraian, herritar guztiei zuzendutako beroketa saioak izango dira, frontoian. Eta azkenik, Korrika Bakiotik pasa ostean eta egunari  behar bezalako amaiera emateko,  txokolatada bat antolatu da Gure Etxean.
Ez dugu ahaztu behar aurtengo Korrikaren hogeita batgarren edizio honetan klik egin behar dugula. “Klika garai berri bati, kulturari, gure hizkuntzari. Egin klik begiak ondo irekita. Hartu arnasa sakon, euskal inguruneari begiratu, eta klik egin bizitzeko, aske izateko, euskara aukeratzeko. Klika, etorkizunera salto egiteko. Egin klik, ikimilikiliklik!”
 
Animatu eta parte hartu! Datorren eguenean, apirilaren 11n, zain izango gara Korrikan eta egun horretako ekintzetan.