Albisteak

 
Bakioko Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra prestatzen dihardu. Egitasmo hori lurraldea antolatzeko funtsezko tresna da eta bertan lurzoruaren erabilerak zehazten dira, bai eta udalerriko hirigintza plangintzaren funtsezko elementuak ere. Besteak beste espazio publikoak, berdeguneak, etxebizitzak, zuzkidura publikoak, dendak… Gogoeta prozesu horren barnean, datorren barikuan, martxoak 15, “Etxebizitzaz mintzatzen” jardunaldia izango da Txakolingunean, 19:00etan.

Jardunaldi horretan udalerriko etxebizitza premiaren gainean berba egiteko lan dinamika bat garatuko da, bakiotarren iritziak eta proposamenak ezagutzeko. Bakioko Udalaren iritziz, topaketa hau "garrantzitsuenetariko bat izango da hirigintza planaren gogoeten barnean, etxebizitzaren kudeaketak berebiziko garrantzia baitu jendearen bizimoduan.”
Jardunaldi hau urtarrilean espazio publikoaren inguruan herritarrek dituzten premiak zehazteko antolatutako gogoeten eta lan dinamikaren jarraipena da. 2016an Bakioko Udala Hirigintza Plangintzaren Aurrerakina eta Posizionamendu Estrategikoaren Oinarriak idazten hasi zen eta agiri horietan zehazten da zeintzuk diren lurraldearen garapenean jarraitu beharreko ildo estrategikoak.

Barikuko jardunaldian zaintza zerbitzua eskainiko da, interesdun guztien partaidetza errazteko.

Argibide gehiago (PDF 56KB)